Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara arte maila handiko norgehiagoka ugari jokatu zituzten Mirentxuko Trinketeko binakako bigarren txapelketan parte hartu zuten 24 bikoteek. Iaz hamasei izan ziren eta horrek erakusten du, espero zitekeen moduan, sustraitu egin dela ekimena herrian eta antolatzaileek asmatu dutela herritarrak kirol azpiegitura horretara erakartzen.
Ez dute meritu makala izan jokalariek, kontuan izanda hiru aste soilik izan dituztela txapelketa prestatzeko. Ez lehenago prestatzen hasi nahi ez zutelako, ezin izan dutelako baizik: joan den udazkeneko denborale baten ondorioz, haizeak teilatuko teila bat erauzi zuen eta hilabete asko pasa dira Lasarte-Oriako Udalak arazoa konpondu duen arte. Edonola ere, iazko data berbera mantendu ahal izan dute antolatzaileek eta, esan bezala, ikusitako partidak ikusita, ez zen nabaritu entrenatzeko denbora horren eskasa izatea.
Eguraldi bikaina lagun, goizean goizetik ibili ziren zaleak trinketean eta inguruetan. Partidak ikusten, jakina, eta baita kantxaren ondoan jarritako postuan indarrak hartzen ere, antolatzaileek jarritako edariekin eta txapelketaren babesleek emandako pintxoekin. Tabernari lanetan bikain aritu ziren Mikel Gonzalez eta Txubi, irribarre bana ahoan eta edari konbinatuak prestatzeko beharrezko materiala eskuetan. Esatari lanetan Haritz Esnal aritu zen eta epaileak antolatzaile taldeko lau gidariak izan ziren: Iker Artetxe, Unai Arruti, Iban Vazquez eta Aritz Solano. Azken horrek sartu zituen ordu gehien, Arruti eta Vazquez txapelketako azken faseetara ailegatu zirelako eta Artetxek, behin kaleratuta, Aiara joan behar izan zuelako, gomazko palako herriarteko txapelketako final laurdenetako itzulikoa jokatzera.
Aurreneko "finala", final zortzirenetan
Esan bezala, goizetik jokatu zituzten partida erakargarri eta emozionanteak. 24 bikoterentzako tokia egin zutenez, aurreneko fasean hamaseik parte hartzea erabaki zuten antolatzaileek eta zozketaz zuzenean sailkatzea gainerako zortziak, final zortzirenetara. Kanporaketa horretan gozatu zuten zaleek aurreneko "finalaz", iaz txapeldun izan ziren Iker Artetxek eta Mikel Gonzalezek jokatu zutenaz, arratsaldeko zortziak aldera euren lekukoa hartuko zuten Jon Pello Artetxe eta Unai Ituarteren aurka. Bigarrenek alde majoa hartu zuten markagailuan hasi eta berehala, 0-8.
Aurreneko saketik serio eta kontzentratuta, ziur asko egun osoko frontenis onena jokatu zuten, hasiera indartsu horrekin trinketera bildu ziren guztiak zur eta lur utzita, askoz ere norgehiagoka parekatuagoa espero baitzuten. Eta hala gertatu zen, noiz eta ia guztia erabakita zegoela zirudienean (4-15). Artetxe eta Gonzalez asmatzen hasi ziren eta 9-0eko partziala sartuta izugarri hurbildu ziren. Ordura artekoak ez zuen balio eta beste neurketa bat hasi zen. Bentaja majo hori ia-ia osorik galdu izanagatik ez ziren behar baino gehiago urduritu Artetxe eta Ituarte eta inurri lana egiten jarraitu zuten, tanto bakoitza borrokatu eta markagailura gehituta, erasoan fin ibili zirelako batzuetan, eta defentsan are finago besteetan. 17-21ekoarekin egin zuten euren azken sakea baina entzun behar izan zituzten aurkarien azken sakeko txaloak ere: txapeldunek erakutsi zuten zergatik irabazi zuten iazko edizioa eta oso garesti saldu zuten euren larrua. 21-22 azkenean, eta kantxatik metro batzuk gorago zeuden zaleak liluratuta eta nekatu arte txaloka. Zirrara, Mirentxun.
Partidaz partida eta kanporaketaz kanporaketa gero eta gehiago estutu zen koadroa, final handira arte. Artetxe eta Ituarte batetik, eta iaz ere finalista izan ziren Arruti eta Santxi, bestetik. Txapelketako partida guztietan egin bezala hasieratik hartu zuten alde ederra Artetxek eta Ituartek eta maisuki kudeatu zuten 22. tantora iritsi arte. Aurreneko atsedenaldia eskatu zutenean 14-9 ari ziren irabazten eta konturatzerako 19-11koa ezarri zuten markagailuan. Aurkariek ezin izan zuten emaitza irauli eta aurreneko partidatik merezitako garaipena gogotik ospatu zuten txikitako bi lagunek. Tanto bikainak egin eta frailea makina bat aldiz jo zuten, bai, baina, batez ere, txapeldun izan ziren jakin zutelako horren distiratsuak izan ez ziren uneak bikain kudeatu eta erabat kontzentratuta jarraitzen, beharrezkoa zenean defentsa lan bikaina ere erakutsita. Iaz anaia gazteak egindakoa errepikatu zuen nagusiak eta Artetxetarrek beste txapela bat jarriko dute bitrinan; Ikerrek, oraingoz, bi ditu (binaka eta banaka), eta Jon Pellok, bat. Txapelarik ezin izan dute jantzi oraindik Arrutik eta Santxik baina etorkizunean oso kontuan izateko bikotea dela erakutsi dute beste behin. Fisikoak laguntzen badie zeresana ematen jarraituko dute, argi erakutsi baitute jokorik ez zaiela falta eta ederki moldatzen direla Mirentxuko kantxan.
Partidak amaituta iritsi zen sarien txanda. Txapelketako babesle nagusi diren Avenida taberna-jatetxeko jabe Yon Mikel Rodriguez eta Etxezarreta harategiko langile Roke Etxezarreta kantxara jaitsi eta aurreneko lau sailkatuei irabazitakoa eman zieten. Laugarrenetik aurrenekora, hauek izan ziren saridunak: Odriozola-Iñurrita, Elizegi-Vazquez, Arruti-Santxi eta Artetxe-Ituarte. Amaitzeko parte hartzaile eta antolatzaileak jaitsi eta talde argazkia atera zuten.
Ostean, 40 bat lagunek bapo afaldu zuten Avenida taberna-jatetxean. Urdaiazpikoa, txibierroak eta urdaiazpiko kroketak jan zituzten, hasteko; ondoren, oilasko errea, txerri ukondo errea edota etxeko sinbolo diren albondigak saltsan. Jatetxetik atera eta "gaueko partidari" ekin zioten. Horretan, denak izan ziren irabazle.