Oaintxe in deu! txarangako kideak banaka-banaka gerturatu dira Okendo Plazara. Emanaldiarekin hasi aurretik, instrumentuak prestatu, eta euren artean zenbait kontu partekatu dituzte. Bien bitartean, Kukuka Dantza eta Antzerki Eskolako kideak eszenatokia atontzen aritu dira, eta antzerki modalitateko irakasleak karakterizatzen, hots, maskara eta berariazko arropak janzten. 11:30etan abiatu da kalejira, eta horrekin batera hasi da herriko arte eszenikoen eskolaren festa handia.
Enparantzatik abiatu, eta Sagardotegi kaletik itzulingurua eginda, Okendora bueltatu dira komentu parean izan ondoren. Kukukako irakasleak gidatu dute txaranga. Kalejira antzezteko beta izan dute antzezlan txikiak egin baitizkie inguruan bildutako publikoari, geldiuneetan. Bidean ere norbere rolak haragitu dituzte. Plazara ailegatu ondoren, Oaintxe in deu!k pare bat kanta gehiago jo ditu eta Lasarte-Oriako kaleetan barrena aritu da; kasu honetan, bakarrik.
Txarangak txaranga eta kalejirak kalejira, dantza Zor diegun memoria emanaldia egin dute ondoren. Obra honek Ihitten Elkartearen Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala izan du erreferentzia. Ikus-entzunezko honetan, herrriaren bilakaera, identitatea eta beste gai ugari lantzen dira horren guztiaren lekuko izan, izaten ari eta izango diren herriko emakume batzuen ikuspuntuetatik eta bizipenetatik. Hori guztia oinarri izan du Uxue Odriozolak hark ondu eta zuzendu du-eta erakustaldia. 30 minutu iraun ditu, eta bukaeran, eskertzak eman dituzte dantzariek; arestian aipatutako Odriozolari, baita Lierni Rekondori eta Nikola Iraolari abeslari, hizlari eta biolinjole lanetan aritu baitira, hurrenez hurren.
Segidan, bazkari herrikoia egin dute. Menua goxoa dastatu dute: paella, edariak eta kafea. Alabaina, goxoena postrea izan da, finean, postre lehiaketa eraman dutelako aurrera. Mahaikide bakoitzak jaki bakoitzeko mokadu bat probatu, eta gustukoenaren alde bozkatu du. Bazkariari esker biziberrituta, Auskalo herriko talde gaztearen kontzertuarekin amaitu dute Kukukaren festa erraldoia.