Real Sociedadek irabazi du Texas Lasartearra CF II. Nesken Alebinen Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 7a, 16:45

Alebin kategoriako zortzi talde lehiatu dira, larunbat goizean, Michelingo Kirol Gunean. Txapelketa goizean goiz hasi da, eta bazkalorduan, amaitu, Real Sociedad Intxaurdiri nagusitu ostean. 

Texas Lasartearra CF II. Nesken Alebinen Txapelketa egin da, larunbat goizean, Michelingo Kirol Gunean. Etxeko taldeaz gain, Texas Lasartearra CF, alebin kategoriako beste zazpi klubek parte hartu dute: Intxaurdi, Real Sociedad, Goierri Gorri, Aiztondo, Urnieta, Tolosa eta Touring. 

Lehia goizeko hamarretan hasi da. Michelingo zelaia bitan banatuta, bi partida jokatu dira, aldi berean. 20 minutuko norgehiagoka biziak izan dira jokalari gazteak gustura aritu baitira jolasean. Senideak berdetik at eta ekipoko kideak bandatik, animatzaile lanetan fin aritu dira denak. Eguraldia ona izan delarik, ateri, Texasek mokadurik eta edaririk hartzeko ipinitako postuan ere mugimendu handia izan da. Herritarrak ez dira finalerdietara iritsi.

Bazkalorduarekin batera, finala jokatu da; Real Sociedad Intxaurdiren aurka. Bi taldeak dotore aritu dira jokoan. Alabaina, donostiarrek irabazi dute: hiru huts. Norgehiagokaren ostean, entrenatzaileek zein jokalariek partidako zenbait jokaldi barre artean komentatu dituzte. Jarraian, sarien banaketari ekin diote. Oroigarriak banatu aurretik, Angel Rosa Texas Lasartearra CFko lehendakariak txapelketan parte hartutako guztiei eskerrak eman dizkie. Ekipo bakoitzari saria emanda, gurasoek argazki mordoa egiteko sakelekoak martxan jarri dituzte. Horrela amaitu da jardunaldia.