Gazteena izan da udalbatzar aretoa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 13:15

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako gazteek iraunkortasunaren, hondakinen, energiaren eta berdeguneen gaineko proposamenak egin dizkiote udalari. Udalbatzar aretoan batu dira ikasleak udal ordezkariekin

Lasarte-Oriako udaletxeko pleno aretoan bilkura berezia izan du berriki. Udalerriko lehen hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak izan dira protagonistak, eta ingurumenari buruzko hausnarketak eta proposamenak azaldu dizkiete udal ordezkariei, ikasturte osoan egindako lanaren emaitza gisa.

Eskolako parte hartze programaren barruan kokatzen den ekimenari esker, haurrek hiru esparru nagusitan partekatu dituzte euren kezka eta proposamenak: hondakinen kudeaketa, efizientzia energetikoa eta hirian eta inguruetan landaredia berreskuratzea. Hainbat proposamen zehatz helarazi dizkiete ikasleek herriko erakundeari osoko bilkura horri esker, besteak beste, edukiontzien funtzionamendua hobetzea, berdeguneak zabaltzea edota kale eta parkeetan argiztapen eraginkorragoa jartzea.

Ikasleek ez ezik, Agustin Valdivia alkateak, Herritarren Partaidetzarako zinegotzi Nagore Duranek, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek eta Hezkuntza eta Gazteriako zinegotzi Maite Iglesiasek ere parte hartu dute  bilkuran, eta planteatutako galderei erantzun diete; horrekin batera, hainbat udal jarduni buruzko informazioa ere eskaini dute.

Jorratutako gaiak

Gai nabarmenen artean, hainbat problematika jorratu dituzte, arratoien ugaritzearena kasu. Gertaera hori, nagusiki, edukiontzietatik kanpo hondakinak pilatzearekin eta kaleko animaliak (katuak eta usoak, esaterako) modu desegokian elikatzearekin lotu dute. Egoera horien aurrean egiten ari direna azaldu dute, hala nola pozoi espezifikoak erabiltzea, gune kritikoetan esku hartzea (Jaizkibel eta San Martzial esaterako), eta egoera hori prebenitzeko herritarrak kontzientziatzeko beharra ere azpimarratu dute. 

Berdeguneei dagokienez, azpimarratu dute etxebizitzen eraikuntzaren eta berdeguneen arteko oreka mantentzearen garrantzia  Era berean, ahotan izan dute Atsobakarren irekitzear duten ur parke berria. 

Energiaren arloari dagokionez, berriz, tokiko komunitate energetikoaren garapena positiboki baloratu dute, baita eguzki plaken erabilera sustatzearena ere. Horrez gain, jakinarazi dute udal flotak ibilgailu elektrikoak erabiltzen hasiko direla pixkanaka, eta autobus % 100 elektriko bat jarriko dela laster.

Zorion mezua partaide gazteei

Azkenik, argiteria publikoarekin lotutako gaiak jorratu dituzte. Ekintza bandalikoen ondorioz izandako hainbat itzalaldiren berri emane dute, eta argi intentsitatea doitu eta kutsadura saihesteko sentsoreak eta erregulagailuak instalatzeko planak iragarri dituzte udal ordezkariek.

Hala, zoriona mezua helarazi die alkateak ikastetxeetako ordezkari gazteei: "Zorionak eman nahi dizkizuegu egindako lan zorrotzagatik eta gaur ekarri dituzuen proposamen errealista eta beharrezkoengatik. Zuei entzuteak Lasarte-Oria hobetzen eta udalerri jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzen digu".