2025-2026 ikasturteko dantza ikastaroetan aurrematrikula egiteko epea zabaldu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 6a, 09:12

Hilaren 9tik 16ra egin ahal izango dute herritarrek aurrematrikulazioa Manuel Lekuona Kultur Etxean

Irailaren 29an hasi da Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak kudeatzen duen datorren ikasturteko dantza ikastaldia. Hala jakinarazi du aipatu sail horretako zinegotzi Ainara Elicecheak, eta esan, ekainaren 18ra arteko iraupena izango duela.

Azaldu du, gainera, 6 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dagoela eskaintza. Adinaren araberako talde eta askotariko mailak aurreikusi dituzte, eta saioen helburua da mugimendua eta dantza klasikoaren aurkikuntzaren eta esplorazioaren bidez gorputz kontzientzia bultzatzea. 

Interesdunek aurrez aurre egin beharko dute matrikula, kultur etxean, honako ordutegian: 09:00etatik 13:00etara. Ordutegi horretan bertaratu ezin dutenentzat, ordea, eraikineko atezaintzan izen emateko orriak utziko dituztela ere argitu du udal ordezkariak; horiek arratsaldetan jaso ahal izango dituzte, eta atezaintzan bertan entregatu beharko dituzte. Sinadura elektronikoa dutenek, udalaren erregistro bidez ere bidali ahal izango dute. 

Ikastaroa bederatzi hilabetetan (urritik irailera) ordainduko dela ere nabarmendu du Kultura zinegotziak, eta ohartarazi, gazte txartela dutenek % 10eko deskontua izango dutela. 

Elicecheak herritarrak dantza ikastaldian izena ematera animatu ditu: "Aukera bikaina da bai haurrek, baita helduek dantzaz gozatzeko ingurune hezitzaile, sortzaile eta kalitatezko batean. Izen ematea ahalik eta gehien erraztu nahi dugu, horregatik, formularioa entregatzeko hainbat bide jarri ditugu".