Mirentxun aurrera eraman dute azken saioa, eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kide Iñaki Alegria izan da hizlari gonbidatua. Berak hitza hartu aurretik, Pablo Barrio herritarrak egin du aurkezpen labur bat; azaldu du, besteak beste, nondik eta nola sortu diren heriotzaren gaineko dinamika horiek.
Alegriari hitza eman, eta orduantxe hasi da azalpenak ematen hizlaria. Lehenik eta behin, kide den Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteaz mintzatu da. Kontatu du, besteak beste, zein hitzaldi mota ematen dituen elkarteak, eta horren helburuak zeintzuk diren.
Aurretiazko Borondateen Dokumentua
Alegriak aipatu du Bizitza testamentua deitzen zaion arren, ofizialki ezin dela horrela izendatu: "Testamentuak irekitzen dira pertsonak hil ostean. Gauzak horrela, arrazoi horregatik deitzen zaio Aurretiazko Borondateen Dokumentua". Gaineratu du "ondo gaudenean" egin beharreko dokumentua dela, "gaizki gaudenean erabiltzeko". Gaian sakondu aurretik, aretoan bildutakoei galdetu die inork egina duen, eta hiruzpalauk jaso dute eskua; dokumentu hori egitera animatu ditu gainerakoak.
Dokumentua noiz erabil daitekeen kontatu die gero entzuleei. Esan du soilik hori baliatuko dela baldin eta dokumentuaren jabeak burua "modu atzeraezinean" galdu badu, eta "egoera larrian" badago. Argitu du, gainera, edozein unetan egin eta alda daitekeela, betiere, noski, pertsona ondo badagoenean (burua galduta ez badu).
Egiteko arrazoiak ere defendatu ditu Alegriak; lau arrazoi eman ditu. Pertsonaren autonomia erabiltzeko aukera ematen duela azaldu du lehenik: "Agian istripu bat izango dugu, edo beste zerbait gerta dakiguke, eta horren ondorioz gertatuko dena guk erabaki ahal izango dugu". Bigarrenik, berriz, aipatu du jasan nahi ez dugun sufrimendua nozitu behar ez izateko beharrezkoa dela: "Batez ere argituko dugu nondik pasa nahi ez dugun". Hirugarren arrazoiari erreferentzia eginez, esan du zenbait kasutan, senide, lagun eta ingurukoek erabakia hartu beharko dutela, eta hori "marroi" bat dela nabarmendu du: "Argi esaten badiegu zer nahi eta zer nahi ez dugun, horiek erabakia modu kontsekuentean hartu ahal izango dute, beste lasaitasun batekin". Ildo beretik aipatu du azken eta laugarrena argudioa: "Beste batzuetan erabaki behar duena osasun langilea da. Erabaki zaila da, eta askotan, bere ideologiaren arabera erabakiko du, ez, ordea, hiltzera doanaren arabera".
Legeztatu beharra
Behin Aurretiazko Borondateen Dokumentua beteta, erregistratu egin behar dela ohartarazi du Alegriak. Hori egiteko dauden aukeren berri ere eman die bildutakoei:
- Osasun sailak Donostiako Pio XIIn duen eraikinean.
- Ikuskatzailea dagoen anbulatorioetan, betiere ispektorea baldin badago. Horren harira, argitu du egun mediku eta erizainek badute dokumentu hori erregistratzeko ahalmena, nahiz eta baliabideak falta zaizkien.
- Borondate hori errespetatuko duten hiru lekukok dokumentua sinatuta. Paper hori Gasteizeko erregistrora bidali behar da gero, posta zertifikatu bidez. Pio XIIko eraikinean edota ikuskaritza duten anbulatorioetan ere entregatu daitezke. Aukera honen alde egiten du Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak.
- Notariotza batean dokumentua egin eta ordaintzea.
Hilaren 18an, bigarren hitzordua
Hemendik bi astera izango du jarraipena saioak. Leku eta ordu berean izango da hori ere: Mirentxun, 18:00etan. Bertaratzeen gainean, ohartarazpen bat egin dute antolatzaileek: bigarren saioan parte hartzeko ezinbestekoa da lehenengoan egon izana.
Lekukoen bitartez dokumentuak egiteko baliatuko dute hitzordua, eta, beraz, hori egiteko interesa dutenek eraman beharko dituzten dokumentuak zeintzuk diren gogorarazi die saioa amaitzeko.
Hauek dira:
- Aurretiazko Borondateen Dokumentua beteta.
- NAren kopia bat eta ordezkariena ere bai (baldin badaude).
- Lekuko izateko NAren beste hiruna kopia.