Herritarrak Gipuzkoako txapelketetako podiumetan izan dira traineruan zein aulki mugikorrean

Txintxarri Aldizkaria 2025eko ekainaren 4a

Ezkerrean, Aiora Belartieta eta Donostia Arraun Lagunakeko kideak Gipuzkoako banderarekin. Eskuinean, Enara Arruti eta Marina Otegi, dominarekin. Arg.: Orio AE / M. Arruti.

Aulki mugikorreko zein traineruen Gipuzkoako txapelketak lehiatu ziren maiatzaren 31n eta hilaren 1ean, Legution (Araba) eta Orion, hurrenez hurren. Bietan herritarrak izan ziren lehian eta podiumera igo ziren

Arabako Legutioko urtegian, Ur-Kirolak-eko kide Enara Arruti herritarrak Marina Otegirekin batera jubenil mailako 2x finalean parte hartu zuen. Bikoa hirugarren iritsi zen helmugara 08.30,65 marka eginez.

Orion, aldiz, podiumeko maila gorenera igo zen Aiora Belartieta herritarra Donostia Arraun Lagunak taldearekin. Jardunaldiko azken txandan Lugañenek Donostiarra, Tolosaldea eta Orio Orialki izan zituen aurkari. 

Itsaso irekian eta behelainoa lagun, irteera eman zitzaion estropadari. Lehen momentuan zailtasunak izan arren, Arraunek Tolosaldearekin lehia handi izan zuen lehen luzean. Ziabogara lehen iritsi zen Lugañene, baina ezin izan zuen lehen txandan lehiatu zen Zarautzen denbora gainditu; zazpi segundo gehiago behar izan zituen. Bigarren luzean, erritmoa bizitu eta 11.10,08 denborari esker, denboraldiko lehen tituloa eskuratu zuen Aiora Belartieta herritarraren ontzia. Bigarren Tolosaldea izan zen (11.16,66) eta Zarautzek itxi zuen podiuma (11.17,17).

Euskadiko txapelketa

Bi herritarrek garaikurrak eskuratzeko aukera berri izango dute hilaren 7an eta 8an, euren modalitateko Euskadiko txapelketetan.

Hilaren 7an, Aulki mugikorraren txanda izango da, Legution eta egun bat geroago, Bermeon (Bizkaia), traineruen estropadaz gozatu ahalko dute zaletuek.