Datorren astelehenean, hilak 9, abiatuko da Aste Berdea 2025; hala jakinarazi du Agustin Valdivia alkateak, Ingurumen teknikari Itziar Gurrutxagak eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresako kide Ane Felipek.
Gaikako bilketan jarriko du fokua aurtengo ekimenak, eta hari mutur horri tiraka, alkateak hartu du hitza lehenik. Lasarte-Oriako zenbait datu mahaigaineratu ditu. Azaldu du, adibidez, iaz, hau da, 2024an sortutako hiri hondakinen % 51,7 bildu zela gaika, eta, aurten, berriz, unera arteko datuen arabera, 1,9 puntu hazi dela zifra hori; % 53,6 bildu da gaika.
Datu horiek hazkundea agertzen duten arren, Valdiviak gogorarazi du oraindik ere urrun daudela indarrean dagoen araudiak ezarritako helburuetatik (2030. urterako % 60koa beharko du izan gaikako bilketaren ehunekoak).
Gauzak horrela, eta zifrok ezagutarazita, alkateak eskerrak eman dizkie egunero-egunero hondakinak gaika biltzen dituzten herritarri. Haatik, hondakinak birziklatzen ez dituztenei ere zuzendu dizkie hitz batzuk: "Guzton eginbeharra da sortzen ditugun hondakinak gaika biltzea eta horiek dagokien edukiontzietan uztea; ez da aitzakiarik birziklapenaren alde parte ez hartzeko".
Hala, nabarmendu du hondakinen gaikako bilketa zerbitzua hobetzeko ahaleginean jarraituko duela udalak. Horretarako, errefusaren edukiontzi grisen estalkiak hobetuko dituela iragarri du, baina ez hori bakarrik; hondakin organikoa biltzeko edukiontzi marroi berriak jarriko dituzte.
Ekimenaren fokua
Arestian aipatu bezala, hondakinen gaikako bilketa izango da egitasmoaren aurtengo fokua, baina, bereziki bi edukiontziren erabileran egin nahi du indarra Artelatzek: horian eta marroian.
Aipatu enpresako ordezkari Ane Felipek azaldu du herritarrek zalantza ugari izan ohi dituztela edukiontzi horira bota beharreko hondakinekin. Felipek azaldu du bertara ontzi arinak baino ez direla bota behar, hau da, plastikozko ontziak, latak, eta brikak. Horietan zer utzi behar ez den ere zehaztu du: plastikozko jostailuak, biberoiak, sukaldeko tresnak, kuboak edota ontziak ez diren plastikozko edozein objektu.
Edukiontzi marroiari dagokionez, aldiz, adierazi du hondakin organikoen gaikako bilketan dagoela "hobekuntzarako gakoa". Esan du hondakin organiko "asko" botatzen dela errefusaren edukiontzira, hau da, etxe askotan ez dela hondakin hori gaika biltzen.
Informazio puntuak eta konpost banaketa
Aurtengo Aste Berdearen barruan, informazio puntuak izango direla ere iragarri du Felipek. Horietan zalantza guztiak argitu ahal izango dituzte herritarrek, eta, gainera, hala nahi duenak bere landareak ongarritzeko konposta eraman ahal izango du etxera. Konpost hori Gipuzkoan sortua eta kalitate handikoa dela azpimarratu du Artelatzeko ordezkariak.
Hauek dira informazio puntuaren kokapen eta ordutegiak:
- Hilak 9, astelehena: Basaundi, 16:30etik 19:30era.
- Hilak 10, asteartea: Elizatze plaza, 16:30etik 19:30era.
- Hilak 11, asteazkena: Andatza plaza, 09:30etik 13:30era.
- Hilak 12, osteguna: Elizatze plaza, 16:30etik 19:30era.
- Hilak 13, ostirala: Okendo plaza, 16:30etik 19:30era.
- Hilak 14, larunbata: Elizatze plaza, 09:30etik 13:30era.