"Baliabideen kudeaketa komunitarioa" sustatzeko baratze ekologikoak aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 2a, 12:44

"Pozarren" berri eman dute ortu ekologikoen egitasmoaren berri Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoak departamentuko buru David Mateosek. 30 eta 40 metro karratu bitarteko 77 baratze (horietako bi mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitutakoak dira) landu ahalko dituzte herritarrek, horretarako beharrezko ekipamenduekin: bilegiratzeko etxolak eta aldagelak, konposta guneak, ureztatze aterpeak eta eremu komun bat. Esleipen sistema edota erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituen ordenantza prestatu du udalak eta "laster" argitaratuko du GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hori egitean, gutxienez 30 eguneko epea irekiko dute iradokizun edota erreklamazioak egiteko.

Plazaolako Landa Parkearen altzoan kokatu dute udal ordezkariek proiektu hori. Martxoaren 17an hasi ziren lanak eta Ekopaisaiai SL enpresak egin ditu; aurrekontua 141.878,05 eurokoa izan da. "Baratze multzo bat baino askoz gehiago da egitasmo hau: aisialdi aktiboa, ingurumen hezkuntza eta baliabideen kudeaketa komunitarioa sustatzeko espazio publikoa da", azpimarratu du Valdiviak. Halaber, berretsi du udal gobernuak "bizi eredu jasangarriak, irisgarriak eta inklusiboak sustatzen konpromisoa" duela: "Beste urrats bat da hiri eredu berdeago eta parte hartzaileago baterantz". 

Mateosek, bestalde, jakinarazi du prozesua "ahalik eta eskuragarri eta parte hartzaileena" izateko lan egin dutela. Gauzak horrela, interesa duen edozein bizilagunek bere baratze ekologikoaz gozatu eta irizpide jasangarriekin kudeatzen ikastea nahi dugu.

Izen ematea, uda ostean

Horri lotuta, biek ala biek aurreratu dute ziurrenik uda ostean irekiko dutela ortu ekologiko horietan lan egiteko inskripzio epea, landu duten ordenantza "behin betiko" onartu onoren. Erabilgarri dauden eremuak baino eskaera gehiago jasoko balituzte, zozketa publiko bidez esleituko dituzte tokiak. Hori horrela izango ez balitz, zuzenean emango dizkie partzelak eskatu dituzten herritar guztiei, lau urtez landu eta ustia ditzaten. 

Horrez gain, baratze horietako bakoitza lantzeko esleipena jasotzen duen pertsona bakoitzak nekazaritza ekologikoan trebatzeko ikastaro bana jasoko du, "proiektuaren izaera hezitzaile eta jasangarria indartzeko".