Aipatu egitasmo horren bueltako solasaldia egin dute, aurrena. Besteak beste, azaldu dute sexilioa kontzeptuak zer esan nahi duen: sexu orientazioa edo genero identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartua. Larrazak eta Olagaraik ondutako proiektuaren helburua da honako mezu positibo hau zabaltzea: posible dela queer izatea euskal landa eremuan eta herrian bizitzea, euskaraz. Hitzaldiaren ostean ikusgai jarri dute argazki erakusketa.
Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza egitasmoa da Xerka. Argazkiak egiterakoan paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartu zituen, eta, "subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa" proposatzeko, hainbat teknika eta fotografia estilo baliatu zituen, "gatazkatsua bezain harmoniatsua" izan daitekeen harreman horren bueltan.