Jardunaldia errugbi eskolako txikienekin eta euren senideekin hasi da. Askotariko jolasak eta haurrak helduen arteko neurketa; biziki gozatu ondoren, indarrak berreskuratzeko hirugarren denbora egin dute.
Segidan, entrenamendu zuzendua. Horrekin batera, Beltzak Errugbi Taldea Neskak eta Queers, Biok Txingudi Rubgy Taldea lehian aritu dira, lagunarteko partidan. Alex Saleta izan dute arbitro lanetan; kanteran hezitako errugbi jokalari internazionala. Etxekoek irabazita, paella jan dute ondoren, hirugarren denboran.
Arratsaldean, Izar Beltzak memoriala jazo da, hots, Atletiko San Sebastian eta Beltzak Lasarteorians taldearen arteko norgehiagoka. Jokaldi apartak egin dituzte bi ekipoek, eta Atsobakarreraino igotako publikoak haiekin batera asko disfrutatu du. Giroa animatzeko, dunbala jotzen aritu den pertsona ere izan da. Azkenean, lasarteoriatarrek eraman dute sari nagusia.
Omenaldia
Ospakizunarekin amaitzeko, omenaldirako tartea egin dute. Hasteko, hildakoen familiei lore sorta bana eman diete. Bazkide arteko zozketaren sariak banatu dituzte, ondoren. Txuleta, afaria edota ardo botilak eman dira. Bestalde, klubeko jokalariei oroigarriak banatu zaizkie, baita giroa doinuz betetzeko lanetan aritutako Alboka Abesbatzari ere euren prestutasuna eskertzearren. Besteak beste, Jon Ibisatek eta Alex Saletak errekonozimendu berezia jaso zuten, internazionalki egiten ari den lana aitortzeko.
Orain arte Beltzak Errugbi Taldeko ordezkari izandako Gaby Gavilani Manu Pelaez lehendakariak urrezko krisketa oparitu dio, kargua uzten baitu. Jarraian, Klubeko jokalari eta entrenatzaile ohiak, sarituei bertso bana bota diete. Omenaldia Mikel Laboaren Txoriak txori denon artean kantatuz amaitu da. Alabaina, festak Iguarteko sagardotegian jarraitu du 80 bat lagun juntatu dira-eta memorialaren eguna afariarekin ixteko.