Hurkoekin, lehia aldia agurtzen

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 1a, 13:15

Texas Lasartearra CFko klubak denboraldia amaitzeko festa antolatu du, larunbat honetan. Goizetik arratsalderaino ekimen ugari prestatu dituzte. Ospakizuna sarien banaketarekin amaitu dute. 

Udara gerturatzean, kirol denboraldiak amaitu egiten dira. Garai hau aprobetxaturik, Texas Lasartearra CF taldeak festa antolatu du aurtengo sasoiari agur esateko. Askotariko partidak, bazkaria, sarien banaketa. Ekimen ugari prestatu ditu klubak denek egunaz disfrutatzeko. 

Familia arteko partiduekin hasi dira. Horretarako, Mitxelingo Futbol Zelaian elkartu dira. Seme-alabak gurasoen aurka ederki jokatu dute. Jarraian, emakumezkoen taldeen txanda. Zelaia hartu dute eurak, eta horren ostean, beteranoek erakustaldia egin. 

Bazkalordurako Mitxelindik Sasoeta ikastetxera lekualdatu da festa. Bertan, bazkaria egin dute. Menua goxoa izan da. Alabaina, goxoagoak izan dira osteko sariak. Talde bakoitzetako jokalariei domina bana eman diete. Horrekin batera, oroigarri bereziak ere jaso dituzte texastarrek; besteak beste, jokalari onenari saria. Banaketarekin amaitu ostean, festarekin jarraitu dute afalordura arte.