Atletismoa, boleibola, ipar martxa, futbola, saskibaloia, txirrindularitza. Diziplina ugari, eta kirolari mordoa biltzen ditu Ostadar SKtk. Horiek denak balioan jarri eta denboraldi amaiera ospatzeko, festa antolatu dute, Oriarte Landaberrin.
Ospakizuna DJ Martikorenak ireki du. Doinuekin festarako giroa prestatu du, eta ikastetxeko patiora gerturatutakoek dantzan egiteko aukera aprobetxatu dute.
Eguerdi aldera sari banaketari ekin diote. Lehenik eta behin, sail bakoitzeko kirolari jatorrenei sariak banatu dizkiete.
Segidan, Kirolari Onenaren oroigarria eman diote entrenamendutik berriki etorritako Aiora Belartietari. Hizlariek Belartietaren ibilbide aparta nabarmendu dute, Kontxako banderaren garaile izatea goraipatu. Herritarrentzako kirolarientzako erreferentea dela ere gaineratu nahi izan dute.
Ostadar SKTaren balorekin bat egiten dutenek jasotzen dute Auzolan Saria. Aurten, Felix Telleriak. Herritik herriarentzat Telleriak egindako lana aitortu dute, besteak beste, Sorgin Dantzan edota Beteranoen Danborrandan.
Saritu guztien talde argazkia egin ostean, Beltzak Errugbi Taldeak prestatutako hirugarren zatiaz gozatu dute, hau da, bertako kideek kozinatutako jaki goxoez.