EDUKI BABESTUA

"Konfiantza giroan ari gara euskara ikasten Muntteri AEK euskaltegian"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 30a, 09:25

Amaia eta Gemma pozarren ari dira Muntteri AEK euskaltegian.

Muntteri AEK euskaltegian (Geltoki kalea, 17) euskara ikasteko izena emateak elkartu zituen Amaia eta Gemma. Duela hiruzpalau urte ekin zion bide horri aurrenekoak, eta joan den ikasturtean bigarrenak. Eskola orduetan egindako harremana kanpora ere eraman dute eta ikaskide izatetik lagun izatera igaro dira. Horren adibide, astelehenetik ostiraletara egiten dituzten saioen aurretik hartzen dituzten kafeak, konfiantzan hitz egin eta egunean jartzeko. 

Hizketaldi horiek, nola ez, euskaraz izaten dira, TXINTXARRI aldizkariarekin izan dutena bezala. "Polita, desberdina eta hemengoa, gurea" iruditzen zaien hizkuntza horretan hitz egiten trebatzeko asmoz ekin zioten Muntteri AEKn ikasteari eta tarte horretan urrats ugari egin dituzte aurrera, bakoitzak bere gertuko ingurunean ahal dutenekin lehen hitza beti euskaraz egiteraino, euskaltegian hasi aurretik zituzten lotsa eta beldurrak alde batera utzita.

Prozesu horretan asko lagundu die AEKn eskolak emateko dituzten moduak: "Konfiantza giroan ari gara euskara ikasten hemen, eskolak oso dinamikoak dira eta saio bakoitzeko bi orduak azkar batean igarotzen zaizkigu". Hori horrela izanik, Amaiak eta Gemmak beraiek eman zuten pausu berbera ematera gonbidatu dituzte herritarrak: "Tituluez harago, garrantzitsua iruditzen zaigu hemengo hizkuntza ikastea, hau da, euskara".

Ekainaren 30era arte

Aurrematrikula egiteko epea zabaldu du Muntteri AEK-k eta jakinarazi du horretarako azken eguna ekainaren 30a izango dela, astelehena. Ikasleek aukera izango dute euskaltegian bertan aritzeko (goizetan, 10:00etatik 13:00etara, eta astearte eta ostegun arratsaldeetan, 16:00etatik 18:00etara), edo, hobeto badatorkie, sarean ikasteko, autoikaskuntza ereduan.

Uztaila hasi aurretik aurrematrikulatzen direnek onura hauek izango dituzte: aurtengo prezio berbera ordaintzea (20 edo 100 euro, ikasmailaren arabera), ordainketa malguagoa (lau epetan, gehienez) eta lehentasunak ikasle taldeak eratzerakoan. Informazio gehiago 607 62 52 33 telefono zenbakira deituta edo lasarte@aek.eus-era idatzita.