Ostadar SKTko infantilek, esate baterako, Udaberri kopa altxa zuten eta Texaseko Jubenil I. mailako B taldeak igoera eskuratu du multzoko bigarren postuan sailkatuz.
Urdin-beltzen gaztetxoek Udaberriko kopako finala jokatu zuten Zarautzen aurka Martuteneko zelaian. Neurketa borrokatua eta zirraragarria izan zen. Partida bana berdindu ostean, penaltietan erabaki zen garailea. Ostadarreko lau kidek baloia atean sartzea lortu zuten; Zarautzekoek, aldiz, hirutan egin zuten gola. Ondorioz, 3-4 gailendu zen Ostadar eta kopa eskuratu zuen.
Jubenil Gorengora
Talde txuri-urdineko jubenilek, aldiz, euren zaletuen aurrean lortu zuten igoera Urnieta KE Cren aurka.
Urnietarrak aurreratu ziren arren, Iker Morenoren taldeak neurketari itzulia eman zion. 4-1 gailendu eta bere multzoko gainerako taldeen emaitzen zain geratu zen.
Zarautz eta Mondrateren berdinketak eta Tolosaren porrotak bere multzoko bigarren postua eman dio eta horri esker, hurrengo denboraldian Jubenilen Gorengo mailan izango du taldea Texas Lasartearra CFk.
Koparen bila
Bestalde, infantilen balentria errepikatu nahi dute talde urdin-beltzeko I. Erregional eta Texas Lasartearra CFko kadete I. mailako B taldeek hilaren 31n.
Biek finalerdietan aurkaria gainditu eta euren mailako kopako finalerako sailkatu dira. Ostadarrek 3-2 irabazi zuen Bergara etxean eta talde txuri urdineko kadeteek nagusitasunez garaitu zuten Ekintza, 1-4.
Indarbizi 17 eta Behobia CD, hurrenez hurren, izango dituzte aurkari finaletan.
Lehiatik kanpo
Ostadarreko Kadete I. Mailako zein Infantil Txikiko taldeek, aldiz, ez zuten zorterik izan Udaberriko Kopako azken neurketan.
Kadeteek 0-5 galdu zuten Danenaren aurka eta infantil txikiek ezin izan zuten Igeltegi garaitu, 0-2.
Euren multzoko lehen postuan sailkatu ez direnez, taldeek ezingo dute txapelketako hiruko finala jokatu.