Eguraldia lagun, herritarra saiakera bakoitzean denbora ontzen joan zen –lehen lasterketa, 01.50,882 eta bigarrena, 01.49,723– arren, ezin izan zuen Iraolaren marka gainditu (01.40,763).
Emaitzarekin pozarren agertu da herritarra: "Orokorrean gustura egin genuen lehia. Gainera, gure mailan jendea animatzen ari da. Asturias zein Kantabriatik etorri ziren lehiakideak parte hartzera eta lehen postua eskuratu genuen".
Joseba Iraolaren gertu geratzeak ere konfiantza ematen dio herritarrari, baina jakitun da ezingo duela gainditu: "Zaila da Iraolari irabaztea. Bere ibilgailuak gureak baino zaldi gehiago du eta teknologikoki ere askozaz aurreratuagoa da".
Hurrengo hitzordua, ekainaren 7an, Ibardinen (Nafarroa) izango du herritarrak.
Errioxan, zorterik ez
Errioxan, RCVNren jardunaldi berria jokatu zen, Rioja Alta I. Rallya. Ekaitz Kortajarena eta Bet Ancizar herritarrek ez zuten zorterik izan; lehen eremuan kotxea errepidetik atera eta lasterketa utzi behar izan zuten.