Eguzkiko infantilek final borrokatua jokatu zuten

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 28a, 09:15

Eguzki Bar Escalerilla taldea Gipuzkoako txapeldun da. Arg.: Eguzki AF.

Eguzki Areto Futbol taldeko ordezkariek asteburu ederra izan dute. Infantilek Gipuzkoak txapelketako final zirraragarria jokatu zuten eta penaltietan erabaki zen garailea, Eguzki Bar Escalerilla. Horrez gain, kadete zein gazte taldeek finalerako txartela eskuratu dute

Final ederra eta borrokatua bizi izan zuten Eguzkiko Bar Escalerilla eta Andatza Taberna taldeek Donostiako Gasca kiroldegian. 

Neurketa bina berdindu ostean, penaltietara iritsi ziren. Atezainaren aurrean ere berdinketa mantendu zen eta azken momentura arte ez zen jakin irabazlea. Azkenean 5-4koa Bar Escalerilla taldearen aldekoa izan zen.

Eguzki Andatza taberna taldeko kideak finala hasi baino lehen. Arg.: Eguzki AF.

Finaletara sailkatu

Ez dira Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko duten Eguzkiko ordezkari bakarrak izango, gazte mailako Bodegas Ayesa eta kadete mailako Goxokis Goxuak ere garaikurra bilatuko dute finalerdietan Lauburu KE Ibarrako taldeak garaitu ostean.

Gazteen mailako taldeak Ibarrara egin zuen bidaia. Markagailuan 0-2 aurre hartu eta ederki eutsi zion etxeko A taldeari Francisco Javier Kixki Perez zuzentzen duen taldeak; 3-5 amaitu zen lehia. Kadete taldeak, aldiz, nagusitasunez egin zuen aurrera etxean; 10-2 irabazi zuen.

Eta horretara Bodegas Ayesa taldeak hilaren 31n jokatuko du finala Tolosan Lauburu KE Ibarrako B taldearen aurka. Kadeteen taldeak, bestalde, aste batzuk itxaron beharko ditu Antiguoko KE CLC Suministros Industriales taldearekin indarrak neurtzeko.

Txapelketa ugari

Hilaren 30etik ekainaren 1era, Vigon (Galizia) izango da taldea Espainiako txapelketako multzoko fasea lehiatzen; ED Vigo 2015 (Galizia), CD Iberia Toscal (Kanariar Uharteak) eta CD Paidos Denia (Valentzia) izango ditu aurkari.

Eta ekainaren 7an, Gipuzkoako selekzioak Nafarroa eta Arabaren aurka jokatuko du hiruko lehiaketa; herriko taldeko entrenatzaile zein jokalariak izango dira bertan. Gorka Redondo eta Mikel Escribano kadete mailako entrenatzaile izendatu ditu Gipuzkoako federazioak eta, besteak beste, Aratz Fuentes, Markel Rodriguez, Axular Miguelez zein Alex Regueira herritarrak daude euren deialdian.

Infantil mailako partidak ere jokatuko dira aipatu txapelketan eta Eguzki AFko Abdiel B. Montero, Telmo Aranzadi eta Unax Urdangarin kideak ere Gipuzkoako taldearekin ari dira lanean lehia prestatzeko.