Eskola materiala erosteko diru laguntzen berri eman du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 27a, 12:15

Aurten ere, azken urteetan bezala, ikasmateriala erosteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte lasarteoriatarrek. Irigoien optikan egin dute horren berri emateko prentsaurrekoa; agerraldia leku horretan egitea erabaki dute hain zuzen ere herritarrei gogorarazi nahi dietelako diruz laguntzen den material eta produktuen artean, betaurreko eta lentillak ere badaudela

Eskola materiala erosten laguntzeko dirulaguntzen berri eman berri dute Agustin Valdivia alkateak eta Hezkuntza zinegotzi Maite Iglesiasek. Interesa duten herritarrek, irailaren 1etik 30era arteko epea izango dute eskaerak aurkezteko.

Eskatzaileek jaso dezaketen ekarpena urtean ingresatzen duten diruaren araberakoa izango dela ohartarazi dute udal ordezkariek. Gauzak horrela, 25.000 euro edo gutxiago jasotzen dutenek, 110 euroko laguntza izango dute. 25.001 eta 33.000 euro artean ingresatzen dutenek, berriz, 90 euroko laguntza izango dituzte; eta 33.001 eta 40.000 euro bitartean dabiltzanak, aldiz, 50 eurokoa. Dirulaguntza horiek, herriko komertzioetan gastatu beharko dituztela azpimarratu dute. 

Diruz lagundutako materiala

Lehen edo Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago dirulaguntza lerroa, eta eskatzaileak Lasarte-Orian erroldatuta egon behar du gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik, nahiz eta ez den derrigorrezko herriko ikastetxeetako ikasle izatea. 

Gaineratu dute laguntzak eskatzeko erosketa tiketak aurkeztu beharko dituztela eskatzaileek, hortaz uztailaren 1etik irailaren 30era artean egindakoenak gordetzeko deia egin dute. Eskaerak egiteko bi modu izango dituzte. Alde batetik, eskaera orria udalean bertan entregatuta, eta, betetik, berriz, erregistro elektroniko bidez. 

Argitu dute zen den dirulaguntzak barne hartzen duen erosi beharreko materiala: idazmahaiko materiala (arkatzak, boligrafoak, ezabagailuak, erregelak, koadernoak, eta abar); material ez suntsikorrak (karpetak, sailkagailuak, artxibagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, eskolarako bizkarzorroa, etab.); eskolara joateko beharrezkoak diren jantziak (uniformea, betaurreko eta lentillak, heziketa fisikoa egiteko arropa eta oinetakoak); eta, eskulanetarako elementuak (argizariak, pintatzeko olioak, pinturak eta pintzelak). 

Edozein zalantza edo argibide behar duena kultur etxera joan daitekeela argitu du Iglesiasek, honako ordutegian: 09:00etatik 13:00etara.