Arratsalde 20:30ak ailegatu baino lehen, bazen dagoeneko jende mordoxka lehenengo ilaran ipinita kontzertua noiz hasiko esperoan. Helduak zein gazteak. Beste batzuk backstage ondoan kokatu dira musikarekin batera argazkiak ateratzeko xedez. Lehenengo notekin batera, Andatza Plazan zehar banatutako gainontzekoak eszenatoki inguruan bildu dira.
Lehen artista Yacare talde madrildarra izan da. Sei taldekidek osatzen dute taldea, eta indie pop estiloko kantuak interpretatu dituzte. Segidan, Marlenaren txanda. Kataluniar hauek plaza dantzan jarri dute jendea, oholtzaratu direnetik. Publikoaren erantzun positiboa dela-eta, kostata jetsi dira eszenatokitik, eta behin baino gehiagotan esan behar izan dute azkeneko kanta abestuko dutela. Azkenik, Da Igual taldea igo da. Talde honek biziki astindu du Andatza; gaueko ordu txikiak izan arren, energiaz bete ditu enparantzaren txoko guztiak. Bertsioak abestu dituzte, baita euren kanta propioak ere.
Guztira hiru taldek jo dute, bakoitzak ordubetez. Tartean, etenaldiak egin dira ekipoen aldaketa ganoraz egin zedin. Une horiek aprobetxatu ditu publikoak bertan jarritako food trucketan janaria hartu ala txoznan trago batzuk hartu eta indarberritzeko.