Kasik egunsentiarekin batera hasi dira plazan prestaketa lanekin. Bien bitartean, Ankoker Trikitixa taldeak diana egin du, auzoan zehar. Musikaren doinuak festaren hasierari buruz ohartarazi ditu Iñigo de Loiolako bizilagunak, eta horietako asko enparantzara gerturatu dira goizean goiz prestatutako jokoekin gozatzera; dardoekin, zangoekin edota arrautzak hortza artean izandako lasterketekin, besteak beste. Haurrek zein helduek ederki pasa dute ILBEk proposatutako probekin. Orobat, ohiko legez, aurpegia margotzeko mahaia ere ipini dute.
Hamaikak aldera, pintxopotearekin izan dute hitzordua. Horretarako, Iñaki tabernako kideek urdaiazpikoa ekarri dute, eta hura mozten aritu dira. Gerora, urdaiazpiko zati bana platertxoetan ipini dituzte, ogi puskekin batera, pintxoa osatzeko. Txerrikiak txerriki, aukeran eskura izan dira Etxezarretarren txorizoarekin egindako mokaduak ere. Edateko, Yon Pavonek prestatutako koktelak izan dira. Nahieran, freskagarriak, ere, ura eta bestelako edariak barne.
Eguerdira arte, bizilagunek bizkotxo lehiaketan parte hartzeko tartea izan dute. Aurreko urteetako dinamikari jarraiki, bi kategoria banatu dituzte: haurrak eta helduak. Parte hartzea handia eta jakiak oso goxoak. Hori dela-eta, kostata erabaki dituzte epaileek irabazleak. Podiuma ebaztuta, kategoria bakoitzeko hiru irabazleak deitu dituzte, espresuki prestatutako oholtzara. Haurrek jostailuak eta motxilak eskuratu dituzte; helduek, berriz, auzoko tabernetan afariak, beste hainbat sorpresa zoragarrien artean. Pozarren jaso dituzte sariak, baita bertaratutakoek lehiaketan parte hartutako bizkotxoak ere, finean, bazkari herrikoiaren postre izan baitira, festaren tradizioari jarraiki.
Lehiaketarekin aritu bitartean, LOZETeko buruhandiak eta erraldoiak Iñigo de Loiola kalera gerturatu dira Kilkerband txarangarekin batera. Plazan zeuden pertsonek gogotsu egin diete ongietorria, gustura aritu baitira erritmoari jarraiki dantzan. Urtero lez, maskuria beharrean, buruhandiek gomazko makilak erabili dituzte. Atsedena hartzerakoan, haurrek euren guraso zein aitona-amonak figurekin argazkiak ateratzeko eskatu diete.
Bazkalordua ailegatuta, 250 pertsonentzako mahaiak eta eserlekuak preparatu dira. Auzolanari esker, berehala egokitu dute plaza jatetxe batean, Etxezarreta harategikoek kozinatutako paella dastatzeko. Ederki jan ondoren, bingoan jolastu dute. Giroa paregabea izan da, urteroko moduan. DJ Karpinek musika jarri du jolasa eten eta animatuenek dantzatzeko eta kantatzeko. Sari mordoa banatu da; kurioski denak babesleek ipinitako ordainsariak izan dira.
Mahaiak eta eserlekuak prestatu dituzten antzera, auzokideek dena jaso dute Slow Time Blues Band taldearen kontzerturako. Publikoak gogotsu gozatu du musikariekin. Atzerapenarekin, jarraian, DJ Karpinek bere errezitaldia hasi du. Oinak mugitzeko eta ahots kordak astintzeko oraindik indartsu zirenak, Iñigo de Loiolan jarraitu dute eguzkia ezkutatu arte hurrengo urteko festarekin berriro disfrutatzeko prest.