Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du biharko manifestazioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2025eko maiatzaren 23a

Manifestazioa aurkezteko ekitaldia. Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegiaren aurka protesta egiteko ekintza bat aurrera eramango du bihar Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza aurrean, 13:00etan. Mobilizazio horrekin bat egin du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak eta herritarrak parte hartzera animatu ditu. "Elkarretaratze horrek ordezkatuko du azken urteotan egin den Lasarte-Oria eta erraustegi bitarteko martxa. Izan ere, aurten Arkaitzerreka erre zuen isurketaren bosgarren urteurrena izango da, eta hori nabarmentzeko egokiagoa ikusi da Aldundiaren aurreko elkarretaratzea erraustegirako martxa baino", azaldu dute kideek.