Kafe baten bueltan mintzatu dira heriotzaz

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 23a, 12:38

Heriotzari buruz naturaltasunez eta modu kolektiboan hitz egiteko topaketa aurrera eraman du herritar talde batek. Ttakunenea elkartean batu dira

Herriko lagun kuadrilla batek Heriotzaz Bizitzatik ekimena jarri du martxan, heriotzaren gaiak tabu izateari utzi eta gaiaz modu normalizatuan hitz egiteko. Saiakera horretan, Death Cafe deitu duten ekimena (hala izendatzen dute dagoeneko horrelako topaketak egin dituzten bestelako lekuetan),  egin dute ostegun arratsaldean; kafetxo baten bueltan heriotzaz mintzatu dira. 

Ttakunenean egin dute hitzordua, eta hizketaldiari hasiera eman aurretik, bertan bildutakoak elkar ezagutu eta konexioak egiteko dinamika polit bat aurrera eraman dute. Nere Erkiaga adituak dinamizatu du, eta esaldi edo hitz bana biltzen zuen papertxo bana eman die partaideei. Horiek, elkarren artean bat egin behar izan dute egokitutako esaldiak kideekin lotuz. Hau izan da adibide bat. Parte hartzaile bati 'Ilargia ikusi dut" esaldia egokitu zaio, eta "Belarretan etzanda" egokitu zaion beste batekin heldu da beso batetik; bestetik, berriz, "Plan ederra" esaldiaren jabearekin. Horrela bilatu dituzte konexioak batak bestearekin, elkar lotu eta denek batera borobil osoa osatu duten arte. 

Hori amaituta, kafeak prestatu eta mahaiaren inguruan eseri dira heriotzaz solastatzeko. 

 

Hurrengo hitzordua

Hitzaldi tailer bat antolatu dute datorren hitzordurako. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen eskutik, bizi testamentua nola egin jorratuko dute. Bi saio izango direla iragarri dute antolatzaileek. Horietan lehenengoa ekainaren 4an aurrera eramango dute, 18:00etan. Mercero aretoan.