Polemika antzuetan sartzeko asmorik gabe eta gauzak argi uzteko helburu bakarrarekin, hauxe adierazi nahi dut:
- Lucia Muñoz beti aurkeztu da Biyak Bat elkarteko ordezkari bezala eta bere exijentzia beti berdina izan da: Biyak Bat elkarteko kideek doako autobus zerbitzua izatea Azkortera joan-etorria egiteko.
Bere aldarrikapena inoiz ez da izan mugikortasun mugatua duten herritarrentzat. Horren adibide, autobus zerbitzua antolatuko balitz herritar guztientzat irekia izan beharko lukeela jakinarazi zitzaionean, Biyak Bateko kideak lehenestea eskatu izana, autobusean beharko zituzten lekuak aurretik erreserbatuaz eta gainontzeko herritarrei ondoren eskainiaz.
- Ttakunera jo duen guztietan, aurrez-aurre, telefonoz eta WhatsApp-ez artatua izan da, erantzun zaio eta behar izan diren azalpen guztiak eman zaizkio.
- Bai udaleko eta bai Biyak Bat elkarteko ordezkariekin egindako bileretan alternatibak planteatu dituen bakarra Ttakun izan da (finantzazioa bilatu, autobus enpresa desberdinak kontsultatu, Manttangorria erabiltzea proposatu, Biyak Bat elkarteak udalarekin duen hitzarmenean Azkortera joateko autobus zerbitzua eranstea, autobusaren gastua partekatzea, zerbitzua erabiltzaileek ordaintzea...) baina proposamen guztiak gaitzetsiak izan dira.
- Atzera begiratzen badugu, Azkortera joateko autobus zerbitzua udalak antolatzen zuen duela urte batzuk antolatzeari utzi zion arte. Ondoren, Ttakunek hartu zuen ardura hori. Iaz, diru kontuek ematen ez zutela ikusita, Ttakunek gastua bere gain hartzea ez zela bideragarria erabaki zen eta egoera ez da aldatu.
- Azalpen hauek eta gehiago eman zaizkio Luciari.
- Ttakunek ez du baztertzen etorkizunean autobus zerbitzua antolatzea herritar guztientzat. Erabakia urtez urte hartuko da, uneko baldintzen eta egoeraren arabera.