Gaur egungo gizartearen "erronka nagusietako bat" dela nabarmendu du agintariak eta 2030erako misio bat ezarrita dutela Lasarte-Oriaren mugakide den herrian: "Norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea; erantzunkidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta alor horretako langileen profesionalizazio eta duintasuna izango ditu ardatz".
Helburu hori lortzeko irizpideak ere zehaztu dituzte: 65 urtetik gorako pertsonen laurdenak zaintza plana martxan izatea; Usurbilgo bost auzotan %25 gizonak izango diren sareak abian jartzea; edota langile eta familien erdiak zaintza ekosisteman egotea. Bertaratutakoek adi entzun dute hitzaldia.
Hizlariaren aurkezpena Borobileaneko kide Joxe Mari Agirretxek eta Olatz Arozenak egin dute, eta, besteak beste, azaldu dute Usurbilgo alkateak baduela lotura Lasarte-Oriarekin, gaur egun Oriarte Larrekoetxe izenez ezagutzen dugun institutuan ikasi baitzuen, beste usurbildar askok bezala.