Buruntzaldea IKTko igerilariak, lehiaketaz lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 22a, 11:30

Nora Becerra igerilaria, lehiaketa ostean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan edo Igerilari osoa proba lehiatu zuen Buruntzaldea IKTko kidea Nora Becerrak hilaren 18an. Asteburu honetan hiru txapelketa ezberdinetan izango dira igeriketa taldeko kideak

Lau probetan egin zuen igeri –50 m. tximeleta zein bizkar, bular eta estilo libreko 100 metroko probak– talde kide gazteak eta guztietan bere markak ondu zituen. Aurkari gogorrak izan zituen eta esate baterako, 100 m. libreko lehian hamairugarren izan zen 01.30,07ko markarekin.

Hilaren 24an eta 25ean, aldiz, hiru txapelketa ezberdinetan izango dira igeriketa taldeko kideak: Gipuzkoako Open zein Udako Saria eta Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak.

Lehen proban absolutu, junior eta infantil mailako Iker Gorostegui, Miren Sarobe, Oihan Matute, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Ibon Elola eta Mayi Gorostegui izango dira parte hartzen. Bigarrenean Ane Meyer, Alba Escribano, Amaiur Iparragirre, Irati Etxeberria, Laida Guerrero, Itxaso Iparragirre eta Nora Miguelez egingo dute igeri eta Kirol Jokoetarako sailkatu dira Aila Erro, Lier Garmendia eta Ander Martinez.