AVK Gipuzkoa Sortzenek, hiru punturengatik ezin finala jokatu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 21a, 11:00

Betsaide Elorrio RT eta AVK Gipuzkoa Sortzeneko jokalariak touch batean. Arg.: Elorrio RT

Partida zirraragarria bizi izan zen hilaren 17an, Elorrion (Bizkaia). AVK Gipuzkoa Sortzen eta Betsaide Elorri RT taldeek I. mailako Euskal Ligako finalerako txartel bat zuten jokoan. Bizkaitarrak Donostian 30-23 gailendu ostean, kanporaketa irekia zegoen

Beltzak gogotsu atera ziren zelaira pixkanaka 0-12 aurreratzea lortu zuten. Etxekoek, ordea, ez zuten sailkapena ihes egiten utziko eta entsegu eta gauzatzearekin 7-12 gerturatu ziren markagailuan. Gipuzkoa Sortzenek zigor ostiko batekin erantzun zuen eta hiru puntu gehiago batu zituen. Alabaina atsedenaldira joan baino lehen etxekoek beste entsegu bat egin eta 12-15eko jarri zuten markagailuan.

Indarrak berreskuratu eta zelaira ateratzerakoan, beltzek aldeko zigor kolpea lortu zuten, baita makil artean sartu ere. Errenta handituz gero, etxekoak finaletik kanpo geratuko zirenaren jakitun ziren eta ederki estutuz entsegua eta gauzatzea lortu zuten neurketa euren aldea jarriz, 19-18.

Beltzek ez zuten amore eman eta 71 minutuan entsegu berria egin zuten, 19-23. 

Eta ondoren, minutu erabakigarri eta zirraragarriak bizi izan ziren. Beltzek gauzatzea lortuz gero kanporaketa berdindu eta luzapena jokatuko litzateke. Ez zen horrela izan. 

Borrokatzen jarraitu eta azken minutuan sartuta, berdinketa eskuratzeko bigarren aukera izan zuen Gipuzkoa Sortzenek aldeko zigor kolpe batean. Tamalez baloia ez zen atean sartu eta nahiz eta neurketa irabazi, kanporaketen emaitzak kontuan izanik, Elorriotarrek lortu zuten aurrera egitea.

Espainiako Kopa

Liga irabazteko aukerek ere ihes egin zioten hilaren 10ean harrobiko kide Alex Saleta eta VRAC Quesos Entrepinares taldeari. INEXO El Salvadorrek eraman zuen borrokatutako neurketa, 20-24 eta ezingo dute finala jokatu. 

Hilaren 24an, berriro neurtuko dituzte indarrak NTT Data Espainiako kopako finalean; arantza kentzeko aukera izango du Saletaren taldeak.