Arratsaldeko zazpiak puntuan hasi zen emanaldia. Ordura arte liburu eta lorontzi bana ez zeuden argiztatuta oholtza gainean, Gabilondo eta Salvador irten ziren arte. Aurrenekoak, bidaiatzeko maleta batetik atera zuen ikuskizunaren protagonista nagusia, eskusoinua, bigarrenak metro batzuk atzerago zegoen pianoa zabaldu eta prestatu bitartean. Eszena hori osatzeko, honakoa esan zuen narratzaileak: "Bazen behin liburu bat, baina ez edozein. Bazuen zerbait berezia: taupadak, arnasa eta mugarik ez zuen akordeoi baten istorioa gordetzen zuela". Garbi geratu zen eskusoinu berezi horren ezaugarriak horiek zirela, izan ere, melodia eta nota artean bidaiatzen hasi ziren, Frantziako hiriburu Paris liluragarritik hasita.
Iesu Abesbatzaren txanda
Topaketa horiek gaur (hilak 23) jarraituko dute, hemeretzigarren saioarekin: Donostiatik etorriko dira Iesu Abesbatzako kideak, hamahiru abestiz osatutako errepertorioa eskaintzera Ama Brigitarren komentuan. Marina Lertxundi zarauztarrak zuzendutako koruak Ana Belen Garcia piano jotzailearen laguntza izango du emanaldian zehar. 19:30ean hasiko da ikuskizuna eta sarrera doakoa izango da, antolatzaileen arabera. Hauxe izango da abesti zerrenda:
- Kantuz (Arm A. Lesbordes)
- Sicut locutus est (J.S. Bach)
- Ubi caritas (O. Gjeilo)
- Cum sancto spiritu (A. Vivaldi)
- How lovely are the messengers (F. Mendelssohn)
- Gloria (C. Gounod)
- Kyrie (B. Chilcott)
- Sing gently (E. Whitacre)
- Conquest of paradise (Vangelis)
- Singin in the rain (N. Brown)
- Over the rainbow (Harold Arlen)
- Herribera (Benito Lertxundi)
- California dreamin (John Phillips)