Eguzki Areto Futbol taldeko harrobiak asteburu biribila izan du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 20a, 14:00

Kadete Mailako Goxokis Goxuak taldeak Euskal Liga irabazi du; gazteen taldea finalerdietan sartu da eta infantil taldeek Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko dute, hilaren 24an

Eguzki Goxokis Goxua taldeak denboraldia biribildu du; Euskal Ligako txapeldun da. Lehiaketako azken jardunaldia jokatu zen Maialen Chourraut kiroldegian Ibaialde Salburua FS Gorria taldearen aurka eta ez zuen huts egin; 4-1 gailendu zen etxeko taldea eta ez du neurketarik galdu lehiaketan.

Gorka Redondok zuzentzen duen taldeak bost minutu behar izan zituen markagailua hausteko eta errenta handituz joan ziren pixkanaka. Aurkariari ez zioten aukerarik ematen eta era horretara, 4-1 amaitu zen neurketa. Garaipenaren ostean, Euskal Federazioko arduradunek txapeldunaren kopa eman zion taldeari (Ikus argazki galeria).

Entrenatzailea pozarren dago gaztetxoek egindako denboraldiarekin. Orain Espainiako txapelketarako prestatzen ari da taldea. Hilaren 31n eta ekainaren 1ean jokatuko du Eguzkiko taldeak multzoen faseaK gaur arratsaldean egingo den zozketan jakingo ditu aurkariak eta lehiaren egoitza.

Infantilen finala

Infantil mailako taldeek ere balentria ederra lortu dute; hilaren 24an, nor baino nor izango dira Donostiako Gasca kirolegian txapelketako kopa eskuratzeko.

Kadete mailako taldeak baino lehen jokatu zuen Eguzki Andatza tabernak Lauburu KE Ibarra taldearen aurka eta 2-0 irabazi zuen (Ikus argazki galeria). Eguzki Bar Escalerillas taldeak, aldiz, egun bat lehenago lortu zuen txartela Eskoriatza 4-2 gaindituta.

Gazteak ere finalerdietan

Eguzki Bodegas Ayesa gazteen taldeak ere pauso garrantzitsua eman zuen hilaren 16an, Eguzki Lauburu Ibarra KE A garaituz. Etxekoek 3-1 irabazi zuten sailkapen buru zen taldea. 

Horri esker, sailkapenean hirugarren postuan amaitu du lehia eta txapelketako finalerdietako txartela eskuratu du; Ibarrako A taldea izango du berriro aurkari finalerako bidean.

Argazki galeriako irudiak: Txintxarri eta Eguzki AF