Garagardo artisauez gozatu dute Extremadura Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 17a, 08:00

Urtero legez, herriko elkarte gastronomikoak hainbat garagardo artisau dastatu ditu ostiral honetan, bere egoitzan. 

Bost garagardo artisauz eta bost pintxoz osatutako dastaketa egin du Extremadura Etxeak. 30 bat lagunek hartu dute parte, eta saioa bazkide eta Beerbao enpresako langile Alberto Calvok gidatu du. Tentuz entzun dituzte bertaratutakoek edari bakoitzaren inguruan emandako azalpenak. Era berean, Calvo edozein zalantza argitzeko prest agertu da. Menuan ez agertu arren, barreak ere otorduaren ezinbesteko osagaia izan dira. 

Garagardoak, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak eta mokaduak, orotarikoak. Hasteko; ahuntz gaztaz, marrubizko marmeladaz eta karamelizatutako tipulaz eginiko pintxoa. Segidan, oilasko hegalak, 'torreznoak' eta parrillan egindako masailak. Bukatzeko, gazta tarta. Angel Barrerak kozinatu du, eta horretan, aparteko laguntzaileak izan ditu; hots, Pilar, Nieves eta Ivan.