Oparia, eta baita erronka ere, hamar urte hauetan Euskal Herri osoan zehar eta Espainiako zenbait lurraldetan (Galizia eta Madril, kasurako) jo dutelako Rukularen nortasuna islatzen duen musika instrumentala, baina ez nazioarteko herrialderen batean. Japonia "begiz jota" zuten dagoeneko eta bertara joateko aukera suertatu zitzaienean abentura bizitzera animatu ziren, aurretik kontu pertsonal eta profesional guztiak ongi uztartuta, jakina. "Sortzen ari den eguzkiaren lurra" gisa ezagutzen denera joateko abagunea Shogo Komiyama musika ekoizlearen bidez izan dute rukulatarrek. "Martxel [Arkarazo] taldekidearen aita, Kaki Arkarazo, bertan izan zen duela 25 urte Betagarri taldearekin, teknikari lanetan. Harremana egin zuten eta urte batzuk geroago, 2008an, Victim Chaos talde japoniarra Euskal Herrira etorri zen. Martxelek berak egin zituen anfitrioi lanak, euskal kultura erakutsi zien eta lotura estua egin zuten, gaur egunera arte".
Hamabi egun, zazpi kontzertu
Aste eta erdi pasatxo igaro zuen Rukulak Japonian. Hamabi egunetan zazpi kontzertu eman zituzten, Tokio hiri inguruko zenbait musika aretotan, "gereziondoak loratzen ikusten dituzten garaian", alegia, udaberri betean: Kumegawa-ko Music Salon Foggy-n; Nagoya-ko Daytrip-en; Mishima-ko Stay Punk-en; Shibuya-ko Home-n; Utsunomiya-ko Snokey Records-en; eta Chofu-ko Cross-en (bi aldiz). "Harrera beroa egin digute japoniarrek, ikusi dugu antzera funtzionatzen dugula hemen eta han: jendeak konektatu du guk egiten dugunarekin, oso ongi pasa du eta dantzatu du", gogoratu du Agirretxek. Hori gutxi balitz bezala, bertako ekoizle eta artistekin harremanak egin eta "sakondu" egin dituzte. "Japonia ezagutu dugu bertako musika eszenaren bidez. Azpimarratu nahi dut musikariak oso onak iruditu zaizkidala, kalitate askokoak. Zerikusia du lanarekiko duten diziplinarekin, nire ustez. Oso langileak dira oro har, musika egiterakoan ere bai: entseatu, entseatu eta entseatu egiten dute zuzeneko emanaldia perfektua izan arte; estetika asko zaintzen dute; eta eszenatoki gaineko jarrera landua da".
Zazpi kontzertu horietan bertako bost talderekin jo zuten Rukulakoek. "Oso estilo desberdinetako musika" egiten dutela azaldu du herritarrak: "Punk irlandarra, musika japoniar tradizionala, ska klasikoa, rock esperimentala eta rap abeslari batekin aritu ginen". Emanaldi bakoitzean jotzen duten taldeen artean zuzeneko musika jartzen duten DJak aritzen dira. Lehen esan bezala, zazpi emanaldi horiek musika aretoetan eman dituzte, baina bertako musika eszenan badaude jaialdiak (Fuji Rock ezaguna, esaterako), eta... baita eski pistak ere!
Hamabi egun horietatik hiru hartu zituzten turismoa egin eta Tokio ezagutzeko. "Penarekin geratu naiz Japoniako landa guneak eta hondartzak ez ezagutu izanaz, adibidez, hiri giroko bidaia izan baitzen. Edonola ere, merezi izan duen sekulako abentura bat izan zen, besteak beste, taldekideon arteko harremana aberastu eta Rukularen proiektua indartu duena; izugarri pozik nago proiektu honen parte izateaz".
Nazioarteko esperientzia zirraragarriaren ostean Euskal Herrira itzuli dira rukulatarrak eta datozen asteetan hiru kontzertu (goiko zatiduran jaso ditugu) emango dituzte. Horrez gain, Agirretxek aurreratu du abesti berriak sortzen ari direla eta asmoa dutela diskoren bat gehiago ateratzea, "eperik gabe eta lasai. Oso gustura ari gara, ea horrelaxe jarraituta beste 10 urte bete ditzakegun gutxienez!".
Ver esta publicación en Instagram