Upsala kirol kluba, mendi ibilbideez gozatzeko aukera berria

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 16a, 15:00

Altzaniako mendilerrora egindako irteeran parte hartu zuten kideak. Arg.: Upsala senderismo kirol kluba.

Mendian barrena ibiltzea gustuko du Julian Iborra herritarrak. Zaletasun horrek bultzatuta 2019an Senderismo y Rutas de Gipuzkoa facebook orrialdea sortu zuen; otsaila amaieran, Upsala senderismo kirol kluba jarri zuen martxan 

"Urteak neramatzan ideari bueltak ematen eta azkenean kluba sortzeko pausoa eman dut", azaldu digu Iborrak.  

Urte batzuk daramatza herritarrak Senderismo y Rutas de Gipuzkoa talderen bitartez mendi ibilbideak antolatzen eta orain kluba eratuz antolatzen dituen irteeretako parte hartzaileei mendi ibilbideez zein mendiez bermez gozatzeko aukera ematen diela azpimarratu du.

Ibilbideak

TD1 titulua du herritarrak eta aurki TD2a, hau da, eskalada, sakanetako ibilaldiak eta garaiera ertaineko mendien gida ikastaroa amaituko du. Horri esker, maila ezberdinetako ibilbideak antolatzeko aukera du Ibarrak eta klubaren bitartez, hilabetero irteera bat asmoa azaldu du – martxoan egin zuten lehena Idiazabaletik Altzaniako mendilerrora– , baita bidai bereziak egitekoa ere. "Hurrengo urtera begira, Mulhacenera antolatu nahiko nuke bidaia", adierazi du.

Altzaniako mendilerrora egindako irteerako irudiak. Arg.: Upsala senderismo kirol kluba.

Irteera horietan gainera tailer txikiak ere egiten dituela aipatu digu:  "Orientazioa, eguraldia... hainbat gaien pintzeladak ematea gustuko dut antolatzen ditudan irteeretan jendeak ere ikasi dezan".

Ibilbideetan edozein pertsonak parte hartu dezakeela azaldu du, federatuk zein federatu gabeak eta aurrerantzean haurrei zuzendutako irteerak edo ibilaldi inklusiboak antolatuko dituela ere jakitera eman du: "Adimen urritasuna duten Iruñeako talde batekin nago harremanetan eta ekainean ibilaldi bat antolatuko dut beraiekin. Nik ikusmen arazoak ditut eta urritasunak dituzten pertsonei horrelako aukerak ematea da nire asmoa".

Bazkideak eta federatzea

Iborrak azaldu duenez, egun 70 bat bazkide ditu taldeak Euskadi zein beste erkidegokoak eta herritarrak ere animatzen ditu taldeko kide izatera.

Horrez gain, herritarrei jakin arazi nahi die, mendian federatzeko aukera ere ematen duela Klubaren bitartez.

Klubean izena eman edo irteeren berri izan nahi duten herritarrek klubeko webgunean zein sare sozialetan (Facebook, WhatsApp kanala eta instagram) dute eskuragarri informazio guztia.