"1.000. saioa egitea zoragarria izan da; oso-oso pozik nago"

Maddi Zaldua 2025ko mai. 16a, 15:52

Nerea Navarro Mercero - 'Biba zuek!' saioko zuzendaria

Milagarren atalaren langa gainditu du ETB1eko 'Biba Zuek!' saioak. Bertako zuzendaria da lasarteoriatarra, eta programa horretan orain arte egindako bidearen berri eman dio TXINTXARRI aldizkariari

ETB1eko Biba Zuek! saioak zuzendari lasarteoriatarra du: Nerea Navarro Mercero (Lasarte-Oria, 1973). Astelehenetik ostiralera, arratsaldero emititzen duten euskarazko magazina da, eta sorreratik ari da bertan lanean aipatu herritarra. Erredaktore gisa eman zituen lehen urratsak, eta, koordinazioan aritu zen gero; orain, berriz, programaren zuzendaria da. 1.000. saioa emititu zuten iragan hilabetean, eta hori aitzakiatzat hartuta, bertan urratzen ari den bideaz galdetu dio aldizkari honek, baina ez hori bakarrik; izan ere, ETBn lanean hasi aurretik, TXINTXARRI-ko kazetaria ere izan baitzen. Hortaz ere hitz egin dugu berarekin.

Bost urteko ibilbidea osatzeko bidean da Biba Zuek! saioa. Duela gutxi gainditu du, gainera, milagarren atalaren langa. Zer esan nahi du zuretzat zifra horietara iristeak?

Hasiera-hasieran, erredaktore lanetan hasi nintzen ni Biba Zuek!-en. Eskaini zidatenean bi orduko programa batean aritzea, euskaraz, egunero, ETB1en, esperantza handiegirik gabe begiratu nion proposamenari. Izugarrizko harrera izan zuen, ordea, eta ni berehala maitemindu nintzen programarekin, zeren eta ETB1en baitzen, euskaraz pentsatu eta sortua. Hori guztia. hasiera-hasieratik guretzako sekulako harribitxiak diren aurkezleekin: Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiarekin. 

Horrela hasi ginen, esan bezala harrera eta audientzia oso onekin, eta bide hori urratuta milagarren atala egitea zoragarria izan da. Oso-oso pozik nago. Arestian aipatu bezala, erredaktore lanetan hasi nintzen eta, ostera, koordinatzaile izatera pasa nintzen. Gero zuzendariorde, eta zuzendari nabil orain; badaramatzat lan horretan bi urte eta erdi gutxi gorabehera. 

Lan eta esfortzu asko, mila saio horien guztien atzean.

Bai, handia. Hastapenetan, jendeari hutsetik ezagutarazi behar izan genion programa. Eskatzen genien euren bizitzako parte bat edo beste kontatzera etortzeko-eta. Hasiera horiek zailak izan ziren, hain zuzen ere saio berria zelako, ezezaguna. Egun, ordea, erreferente ere bada, eta, orain, jendeak berak hizketarako gaiak proposatzen dizkigu. Edo, lehen urratsetan ez bezala, orain edonori Biba Zuek! saiotik deitzen diogula esaten diogunean, badaki zeri buruz ari gatzaizkion, zertarako den. 

Gizarte arloko hainbat eta hainbat gai bildu eta horiek erakutsi nahi izan ditugu hasieratik. Gainera, ospedun pertsona bati galdetu genion gurekin gonbidatu gisa aritu nahi ote zuen, eta laster eman zigun baiezkoa; Joseba Amuriza bertsolari, idazle eta itzultzailea izan zen. Hori hala izanik, gure programaren aitabitxi izendatu genuen. Hari luzatu genion lehen gonbidatua izateko proposamena eta berak berehala baiezkoa eman zigun; bere atzetik etorri dira gainerako guztiak denbora honetan guztian. 

Sekulako lana dago ibilbide guzti honen atzean; TXINTXARRI-n bezala. Profesional oso onek osatzen duten lantalde bikain bat dago, noski, gidoilariek, erredaktoreek, ediziokoek, produkziokoek eta zuzendaritzak osatzen duena. Horrekin batera, badago ere ahalik eta gehienengana iristeko asmoa. Gaur egun gure lanak bere martxa hartu du eta dena nahiko antolatua dago, egunerokoari nolabait esatearren, erraz heltzen diogu. Oso adi gaude gertatzen diren gauzei, eta abar. Beti dago esfortzu bat, edo egiten duguna hobetzeko ahalegina, adibidez, datorren urteari begira zein aldaketa egin daitezkeen pentsatzea, e.a.. Hori guztia, nola ez, egiten dugu ikusleak gurekin mantentzeko asmoarekin. Horrekin izaten da gure borroka; hurrengo eguneko audientziekin.

Horiek izango dira zuen neurgailuetako bat, ezta? Audientzien datuak. 

Bai, telebistan datu garrantzitsua da, bai. Egia da Biba Zuek!-ek lortu duela ahoz ahokoan-eta ezaguna izatea. Agian zaila da saioak irauten duen bi ordutan programara erabat adi egotea; denok dakigu zenbaitetan telebista jartzen dugula eta une batean esertzen gara kontatzen ari direna entzutera, eta beste momentu batean beste zerbait egiten ari garen bitartean izaten dugu gailu hori hor, atzeko planoan piztuta. Baina, bai, audientziei begira bizi gara, guri ere exijitzen dizkigutelako bete beharreko datu batzuk. Horrek guri balio digu jakiteko non gauden, eta ez lokartzeko.

 

"Hastapenetan jendeari hutsetik ezagutarazi behar izan genion programa"

 

Nolako ibilbidea izaten ari da zurea Biba Zuek! saioan?

Esan dudan bezala, telebistan hastapenetatik erredakzioan lan egin izan dut. Biba Zuek! Saioan hasi nintzenean Talking-a deitzen diogun atalean eman nituen lehen urteak; gai bat aukeratu, telefonoa hartu eta horren gainean hitz egingo lukeen jendeari deitu, eta gurera etor zitezen konbentzitzeko lanetan. Guretzako izugarri garrantzitsua da goxotasuna eta enpatia izatea horiekin guztiekin, azken finean, horiei esker egiten dugulako programa guk. Gonbidatuei deitu, esaten digutena entzun, goxatu eta ahalik eta ondoen sentiarazten ditugu etortzen direnak. Nik uste hori lortzen dugula, askotan, saio ondorengo egunean jasotzen ditugun zorion mezuak eta eskertzek berresten dute hori hala dela: “Eskerrik asko arreta eta harreragatik” esaten digute. 

Gero koordinazio lanera pasa nintzen, eta halako batean esan zidaten zuzendariorde izan nahi ote nuen, orain, zuzendari izatera iritsi naizen arte. Programa hasieratik ezagutzen dut; batez ere erredakzioan, talking-an, jendearen bila eta horien guztien istorioak entzuten eman dut denbora gehien. 

Lan erraza izaten da batzuetan jendea erakartzea, baina, beste zenbaitetan, zaila. 

Oso zaila izaten da batzuetan, bai; frustragarri ere bai zenbaitetan. Denek ez dute berehalakoan baiezkoa ematen, nik zurekin egin nuen bezala, nahiz eta, badauden beraiek deitu eta hizketarako gaia proposatzen digutenak ere. Edo gertatu izan zaigu, esaterako, kontatzeko sekulako istorioa duen norbaitekin harremana egin, saiora etorriko dela adostu, eta, halako batean, ezezkoa eman digunik, edo azken momentuan atzera bota direnak ere. Baina horrekin guztiarekin ere zenbat ikasten den? Pila bat. 

TXINTXARRI-n ere aritua zara. Hortik joan zinen gero ETBra. 

2003ko urtarrilean utzi nuen nik TXINTXARRI aldizkariko lana, eta ETBn hasiko nintzen, gutxi gorabehera, urte bereko apirilean. Orduan Julian Iantzik aurkezten zuen lehiaketa batean eman nituen lehen urratsak. Idoia Garzesekin [herritarra da bera ere, agerkari honetako kazetari izana eta Navarroren laguna] batera; bere eskutik hasi nintzen bertan lanean. Handik Basetxea reality-an hasi nintzen. Telebistaren alderdi txar bat-edo izan daiteke produkzio bat amaitzen denean, askotan ezin daitekeela jakin noiz hasiko zaren beste batean, baina, nik, zorionez, batetik bestera denbora asko pasa gabe lotu ditut amaierak hasiera berriekin. 

Mihiluzen ere ibili nintzen; hor ere, Idoiarekin batera, zazpi denboraldiz aritu nintzen, eta orain, Biba Zuek!-en bost urte daramatzat. Tartean ere egon dira beste batzuk. 

 

"Audientziei begira bizi gara, guri ere exijitzen dizkigutelako bete beharreko zifrak"

 

TXINTXARRI-z galdetuko banizu? Herritar eta bertako langile ohi gisa, nola ikusten duzu aldizkaria?

Niretzat, TXINTXARRI, eta orokorrean herri komunikabideak, izugarrizko unibertsitatea dira. Bertan lan egiten duten kazetariak funtzioaniztunak dira; halakoak ginen gu ere TXINTXARRI-n genbiltzanean, eta pentsatzen dut gaur egun ere modu bertsuan antolatuko zaretela. Bertako kazetariak jakin behar ditu, adibidez, udalbatzarretan erabiltzen diren terminoak, eta herriari, kasu honetan Lasarte-Oriari lotuta dauden gizarte, kultura, kirol eta bestelako arloetako kontu guztiak. Niretzako izan zen sekulako eskola, eta bertatik atera nintzenean dena oso erraza egiten zitzaidan, izan ere, ordura arte ez bezala, nik gauza bakarra egin behar bainuen. Telebistan lanak banatuta daude; batek egiten du hau, besteak hura eta horrela. Baina TXINTXARRI-n zara argazkilaria, erredaktorea, editorea eta abar. Niri sekulako oinarria eman zidan aipatu hedabideak, kazetari gisa telefonoa hartu deiak egin eta zeregin horretan martxa hartzeko, esaterako. Gure ogibidean deiak egitea ezinbestekoa da, eta batzuei kosta egiten zaie gaur egun. Pila bat ikasi nuen, eta Lasarte-Oria goitik behera ezagutu. Desordutan lan egitea ere badu gure lanbideak; goizean hasi eta iluntzera arteko lan txandak, asteburuetako egitasmoak kubritu beharra, e.a. 

Oso lan osatua dela uste dut, baina sakrifikatua ere beste hainbeste. Hori hala izanik, nik errespetu handia diet herri komunikabide guztiei, oinarrizko lan handia egiten dutelako. Esan behar dut, askotan Biba Zuek!-eko informazio iturri ere badirela; guk maiz begiratzen ditugu. 

Zenbaitetan iruditzen izan zait, tokian-tokikoak izateagatik, hedabideen sarean ez ote diren ezkutu samarrean geratzen, baina, egiten duten lana, gertutasunezkoa eta euskaraz, balioan jarri behar da. 

Bai, izugarrizko balioa dute. Herria egiteko modua da horien helburuetako bat. Niretzako TXINTXARRI bazen bilgunea, eta pentsatzen dut egun ere hala izaten jarraituko duela Lasarte-Oria bezalako herri batean. Jende pila bat agertzen da bertan, eta herritar denek dute zerbait kontatzeko. Hori gozamena da. Aldi berean, berriz azpimarratzen dut oso lan zaila ere badela, begirune handiz ikusi behar dena. 

Nolako kazetaritza da batean eta bestean egiten dena? Bada antzekotasun edo ezberdintasunik?

Guk egiten dugun kazetaritza ez da informatiboetan egiten dutena, adibidez, baina niretzako badago Biba Zuek!-en egiten dugunaren eta TXINTXARRI-n egiten duzuenaren artean puntu komun bat, eta da elkarrizketatuarengandik gertu egotea. Oso lan enpatikoa da gurea, azkenean, zuek bezala elkarrizketatua goxo tratatzea ezinbestekoa da. Guri, zuei bezala, pertsonen istorioak inporta zaizkigu. Gurea ez da ikerketa kazetaritza egitea, edota albistegi batek eskaintzen duen informazioa ematea. Guk ez dugu era horretan lan egiten. Gurea da askoz ere sozialagoa, entretenigarriagoa. Hori da gure programa: entretenimendurako saio bat. Beraz, hori guztia esanda, oinarria gurea eta zuena bera da. Nik beti esaten diet gurera lanera etortzen direnei: 'Elkarrizketatuak dira garrantzitsuenak eta ahalik eta ondoen tratatu behar ditugu, beraiek ematen dizkiguten testigantzei esker egiten dugulako guk bi orduko saioa'. Alde horretatik, beraz, inolako ezberdintasunik ez dago. Gurea ezberdintzen da, adibidez, albistegietan-eta egiten den kazetaritzatik.