Lanak egingo dituzte N-1 errepidean, asteburu osoan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 16a, 08:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du gaur gaueko bederatzietatik hasi eta igande gaueko bederatziak arte lanak egingo dituztela N-1 errepidean, Lasarte-Oria eta Andoain artean (Gasteizerako noranzkoan), zoruaren gainazala birgaitzeko proiektuaren barruan. Horrek "aldaketak" eragingo ditu trafikoan.

24 orduz (gaur gaueko bederatzietatik bihar gaueko bederatzietara) moztuko dituzte, Gasteizerako noranzkoan, bai N-1 errepidearen eskuineko erreia, bai Allerruko biribilgunetik errepide horretarako lotunea (N-I-451-2-E). Allerrutik Gasteizerako noranzkoa hartzeko, sarbide hori itxita egongo denez, Donostiarantz jo beharko dute gidariek eta noranzkoa aldatu, 452. irteera hartuta (Lasarte-Oria erdigunerako sarbidea), eta, gero, N-I errepidera itzuli.

Eskuineko erreia mozteak ertzean dagoen gasolindegiari ere eragingo dio, izan ere, lanak egin bitartean ezingo baitute gidariek bide horretatik sartu zerbitzugunera. Era berean, asteburu osoan debekatu egingo diete txirrindulariei N-I errepidearen Lasarte-Oria eta Andoain arteko zatian ibiltzea, Gasteizerako noranzkoan. Eskuineko erreian lanak amaitzen direnean, ireki, eta ezkerrekoan hasiko dira lanak. Azkenik, eskuineko erreian egin beharreko obrak bukatzean ireki eta ezkerrekoarekin hasiko dira.

Igande gaueko bederatziak jotzean, errepidean lanean ari direla adierazteko seinaleak kendu eta bi erreiak zabalduko dituzte.