Infantil mailako Eguzki Bar Escalerilla taldeak Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak jokatu zituen hilaren 10ean, Gasteizen. Gipuzkoako ordezkari gisa Bizkaiko Kukuiaga eta Gasteizko Salburuaren aurka neurtu zituen indarrak. Bi neurketetan husna berdindu zuen eta bi aurkarien arteko lehiak erabaki zuen txapelketako garailea. Bizkaitarrek eraman zuten saria, 2-3 irabazita.
Eguzki Bar Escalerillak atseden izan zuen Gipuzkoako txapelketan, baina Eguzki Andatza tabernak azken jardunaldia jokatu zuen. Herriko taldeak Eskoriatza 3-4 gainditu eta azken faserako sailkapena eskuratu zuen.
Beraz, hilaren 17an eta 18an, finalerdiei aurre egingo diete Eguzkiko bi ordezkariek. Herriko arduradunek neurketa irekiak direla aipatu dute eta bi taldeen arteko finalarekin amesten dute.
Jardunaldi zirraragarria
Euskal Ligako taldea lehiaketa ederra egiten ari da eta Portugaletera (Bizkaia) egindako bidaian ere ez hutsik egin eta 2-6 irabazi zuen neurketa.
Ligako azken partida faltan, sailkapen buru da herriko taldea. Baina ezin da erlaxatu, Salburuaren aurka garaipena edo berdinketa lortu behar du Ligako kopa eskuratzeko.
Gazteen mailako taldeak ere azken faserako sailkapena du jokoan. Aurkari zailak ditu azken bi jardunaldietan; Anoeta FT izan zuen aurrez aurre hilaren eta 7-3 galdu zuen.
Azken jardunaldian, sailkapen buru den Lauburu KE Ibarra A du aurkari. Garaipena eskuratuz gero, lehiaketan aurrera egingo luke; berdinketarekin, Lauburu KE Ibarra Bren neurketako emaitzaren zain geratuko litzateke taldea.
Lehen mailako taldeak ere Ibarrako taldea izango du aurrez aurre azken hitzorduan. Neurketa gogorra izango da; biek hurrengo faserako sailkapena bilatzen dute. Guztia ez dago euren menpe, garaipena eskuratu eta Ttakun KKEFk galdu beharko luke. Orduan, gol kopurua kontuan izango litzateke sailkatua erabakitzeko.