Nahiz eta 2020 urtetik Euskadiko txapelketan lehian egin, lehen aldia zuen Mansok Bergarako proban. Markak ontzen joan zen herritarra eta entrenamendu saioan hirugarren izan arren, euripean erlojupeko igoeretan lehen postuan izan zen; azken saioan 02.49,342 eginez eraman zuen garaikurra. "Erritmoa hartzen joan ginen pixkanak eta euritan egin genituen bi lasterketetan garaile izan ginen," adierazi du herriko gidariak.
Pozarren dago Manso azken lasterketetan lortutako garaipenekin eta hurrengo hitzorduei begira motibatuta daudela adierazi du: "Horrela jarraitu behar dugu hurrengo lasterketan ere". Gauzak horrela, hilaren 24an, San Cosme igoeran (Bizkaia) bilatuko du hurrengo garaipena.
Gidariak eskerrak eman nahi dizkie bere babeslei: Ferdoux estructuras, Aizpurua-Unanue eraikuntzak, Toyota Euskoauto eta Lexus Ikigaikars.
Lurrean zorterik ez
Egun berean, RACVN Kopako lehia ere izan zen Cintruenigon (Nafarroa) eta Ekain Kortajarena eta Beth Ancizarrek parte hartu zuten Cintruenigoko Hiria II. Lur Eremu proban. Nahiz eta probako bigarren eremuan lehen postuetan amaitu (bosgarren sailkatu ziren), ezin izan zuten sailkapen orokorrean aurrean egon.