Hilaren 9an, banakako neurketak eman zion hasiera Herriarteko norgehiagokari eta Julen San Miguelek 20-8 garaitu zuen Etxabe. Binakako partidan, Xabi Arteagak eta Jagoba Mendizabalek 20-12 gainditu zuen Zarauzko bikotea eta Iker Artetxek ere banakako zazpira arteko lehian erraz irabazi zion Intxusperi, 20-7.
Hurrengo kanporaketan aipatu Hernani izango du aurkari. Joaneko jardunaldia, gaur, hilaren 16an jokatuko dute Hernanin eta itzulikoa Lasarte-Orian hilaren 23an.
Argazki galean ikusgai banakako zein binakako lehien irudiak.
Zorterik ez
Herriarteko lehiak baino lehen, pilotalekuan infantil mailako Intzako pilotariak izan ziren banaka zein bikoteka jokoan.
Udaberri txapelketako infantil mailako Intza 2 bikoak 18-15 gainditu zuen Arkirun 3 eta nesken banakako txapelketan, Iparragirrek ederki borrokatu arren, Behar Zanako Lertxundik eraman zuen garaipena.
Lau eta erdiko banakako partidetan, aldiz, ez zuten aldeko emaitzarik eskuratu Intzako ordezkariek. Lehen mailako lehian Artetxek 22-14 galdu zuen Tolosan. Bigarren mailan Olazabalek (11-22) eta Urdanpilletak (22-9) ezin izan zituzten aurkariak gainditu. Diaz de Gereñuk ezin izan zuen neurketa jokatu eta galdutzat eman zioten.
Era berean, Errendimenduko berezko alebin eta infantil mailako lehian bi txanponak jasan zituzten Jauregi anaiek. Iraiek 16-8 garaitu zuen Ilunpeko Eraso eta Oierrek ezin izan zuen Behar Zanako Eizagirrerekin, 5-18.
Era honetara, Intzako ordezkari gehienek multzoko faseari agur esan diote eta gutxi batzuk egingo dute aurrera. Esate baterako, Udaberri txapelketan, infantil mailako bi bikoteak final hamaseirenetako sailkatu dira.
Beste txapelketak
Horrez gain, Intzako Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilleta Irurtzun (Nafarroa) eta Villabonan ari dira lehian bikotekako txapelketetan. Final zortzirenetan daude Irurtzungo torneoan; Villabonako Santio txapelketan, aldiz, 2. faseko kanporaketa jokatuko dute hilaren 17an.