Hilabetea festa giroan agurtuko dute Iñigo de Loiolako bizilagunek. Udaberri Festa antolatu dute aurten ere, eta hori ospatzeko antolatu dituzten ekimenen berri eman dute, prentsaurrean. Bertan izan dira ILBEko ordezkariak, eta, horien ondoan, Jaietako zinegotzi Txus Alonso. Udalak herriko auzoetako jaiak babesteko hartutako konpromisoaren barruan, aurten aipatu elkarteak 4.788,29 euroko udal diru laguntza jasoko duela jakinarazi du.
Aipatu elkarteko kideek, berriz, nabarmendu dute publiko zabalarentzat prestatutako egitaraua dela eskuartean dutena, eta hori hala izanik, Iñigo de Loiola plaza eta inguruko kaleak biziz beteko direla. Trikitilariak, haurrentzako puzgarriak, erraldoi eta buruhandiak, lehiaketak, herri jolasak, paella jan herrikoia eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Gauzak horrela, ILBE elkarteak eta udalak herritar guztiak animatu ditu bertaratu eta jai giroaz gozatzera. Antolatzaileek oroitarazi dute salgai jarriko dituzten kolore urdineko zapiak erosita elkartea lagun daitekeela; 3 euro balio dute horiek.
Agerraldia amaitu aurretik, egitasmoa babestu duten negozio eta establezimendu guztiei eskerrak eman dizkiete.
Egitaraua, orduz ordu
- 10:00etatik 11:30era: Ankoker Trikitixa auzoan zehar.
- 10:00etatik 12:00etara: Haur zein helduen bizkotxo lehiaketa. Jakiak entregatzeko epea 12:00ak arte. Sari banaketa, adliz, 13:00etan.
- 11:00etan: Pintxo-potea, produktuak eta edariak amaitu arte.
- 11:00etan: Yon Pavón Coctail & Events Barra
- 11:00etatik 13:00etara: Haurrentzako jolasak, babesleen sariekin.
- 11:30 etik 13:00etara: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan zehar.
- 11:30etik 14:00etara: Kilkerband txaranga kaleetan zehar.
- 14:30ean: Paella herrikoia. Tiketek 10 euro balio dute, eta Iñaki Tabernan eros daitezke.
- 16:30ean: Bingoa, babesleen sariekin.
- 18:00etan: Slow Time Blues Band taldearen kontzertua.
- 19:00etan: Diskoteka Dj Karpinekin festa amaitu arte.