Poliziaren indarkeria hizketagai

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 10a, 19:00

Iaz Donostialdean jazotako hainbat polizia-indarkerien lekukotzak bilduta ondu dute Txago Kolektiboko kideek 2024. urteko txostena. Herrian zehar egindako ibilbidearekin batera lasartearrei aurkeztu diete. 

Hitzordua eguerdian jarrita, Txago Kolektiboko kideak lasarteoriarrekin bildu dira, Okendo Plazan. Lehenik eta behin, poliziaren indarkeria lantzeko Karrikaratu-II txostena aurkeztu dute. Segidan, adierazi, herriko zenbait tokietatik barrena aritzeko asmoa dutela; lokalizazio jakinetatik abiatuta, testuko gaien inguruan solastatzeko. 

Ibilbidea Okendon hasi eta bukatu da. Bitartean; erdigunean izan dira, baita Sasoetan eta osasun zentroan ere. Besteak beste, arrazakeriatik, etxebizitzatik eta osasun mentaletik abiatutako polizia-indarkeriaren inguruan hitz egin dute. Elkarrizketa mamitsua izan da, eta nabarmentzeko ideietako bat hurrena: Indarkeriak bere horretan jarraitzen duela, soilik jazarritako gorputza aldatu dela. Eszenatoki bakoitzean, Kolektiboko lagunek hartu dute hitza. Alabaina, bertaratutakoei parte hartzeko tartea eskaini diete.

Dokumentu bat baino, Txago Kolektiboak argi utzi du Karrikaratu-II  poliziaren indarkeria erregistratzeko "tresna" izatea nahi duela. Finean, polizia-indarkeria formak, prozesuak eta teknikak zerrendatzen dituzte, bertan. Era berean, idatzitako testua "sesgatuta" dagoela gaineratu dute, beraien ikuspuntutik badutelako asko. Hortaz, ondorio "finkorik" ez ateratzea luzatu dute. 

Denon elkarlana

Gaur gaurkoz, Txago Kolektiboak Donostialdean gertatutako polizia-indarkerien lekukotzekin garatzen dute bere txostenak. Urteko berria sortzeko xedez, lasarteoriatarrei gonbitea zabaldu diete mezu bat bidaltzeko euren korreora, Telegramera edota Instagram kontura kasurik jakingo balute.