Aitor Anabitarte: "Gure jarraitzaileen aurrean Ligako eta play-offeko titulua ospatzea ahaztezina izan da"

Nerea Eizagirre 2025ko mai. 9a, 11:30

Aitor Anabitarte, play-offeko azken neurketan sakiratzen. Arg.: Saints.

Aitor Anabitarte Soroa (Lasarte-Oria, 2002) herritarrak Chicagoland Collegiate Athletic Conference (CCAC) liga irabazi du Illinoiseko Saint Francis Unibertsitateko Saints taldearekin. 2023-2024 urteko belauneko lesioaz osatuta, denboraldi ederra egin du herritarrak eta hainbat aintzatespen ere jaso ditu bere jardunarengatik. Harekin solastu gara denboraldiaz eta etorkizunaz

Matematika eta Informatika ikasketak amaitu zenituen iaz eta masterra egitea erabaki zenuen. Hori baliatuz, azken denboraldi bat jokatu ahal izan duzu Unibertsitateko Saints taldearekin.

Bai, horrela da. Aurreko urtean belauneko lesioagatik ezin izan nuen jokatu, eta nire Saint Francis-eko ibilbidea horrela bukatzea tristea iruditu zitzaidan. Horregatik beste urte batez jokatzea erabaki nuen, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako masterra urtebeten egitea aprobetxatuz.

Lesiotik osatu eta indartsu itzuli zinen lehiara, beraz.

Bai, lesioak kantxatik kanpo eduki ninduen denbora luze batez, eta berriro ere jokatzeko irrikitan nengoen. USFko etapari bukaera borobil bat emateko gogo eta motibazio izugarriak nituen.

"Bagenekien sailkapeneko goikaldean borrokatzeko maila genuela"

Taldeak denboraldi ederra egin du, 25 neurketa irabazi dituzue, esate baterako. Horrek Chicagoland Collegiate Athletic Conference (CCAC) ligako fase erregularrean sailkapen buru izan eta play-offak jokatzeko balio izan dizue. Espero zenuten? 

Aurreko urtean lesioak zirela eta, taldeak ez zuen denboraldi ona egin. Zorionez, jokalari gehienak bueltan genituen, eta bagenekien aurten partida asko irabazteko aukera genuela. Lan eta esfortzu askoren ostean, CCAC ligako fase erregularra irabazi genuen. 

Ez nuke esango espero genuela, baina bagenekien sailkapeneko goikaldean borrokatzeko maila genuela. Denboraldi osoan zehar sendo jokatuz eta partidaz partida borrokatuz lortu genuen lehen postua.

Eta play-offean lanaren fruitua jaso zenuten; Liga txapeldun izan zineten. Nola bizi izan zenuten?

Liga erregularra irabazi izanak, partida guztiak etxean jokatzeko abantaila eman zigun. Oso berezia izan zen nire kirolari ibilbidean lehen aldiz play-off partidak etxean jokatzea. Kanpuseko jende asko inguratu zen partidetara eta giro ederra izan genuen. 

Ilusio handiz jokatu genuen eta hiru partida berdindu irabazi ostean, finalean Governor State irabazita, play-offetako txapeldun izan ginen.

2018-2019 denboralditik unibertsitateak ez zuen liga eskuratu.

Bai, bagenekien eta horrek aparteko motibazio eman zigun. Gure jarraitzaileen aurrean ligako eta play-offeko tituluak ospatzea ahaztezina izan zen.

Aitor Anabitarte eta Saints taldea, liga ospatzen. Arg.: Saints.

Estatu Batuetako 21 ligako 64 talde onenen artean sailkatu eta herrialdeko txapelketa ere lehiatu duzue.

Torneo Nazionalean jokatzeak ilusio handia egin zigun. Estatu Batuetan NAIA mailako talde onenak bakarrik sailkatzen dira.

Tamalez ezin izan zenuten aurrera egin, bi punturengatik Pikeville-k moztu zuen bidea. Gogorra izan zen hain gutxirengatik kanpo geratzea?

Horrela da. Pikeville Unibertsitatearen aurka jokatu genuen eta oso partida berdindu eta borrokatua izan zen. Luzapenean galdu genuen bi puntugatik bakarrik. 

Pena eman zidan nire azken partida izan zelako Saint Franciseko kamisetarekin, baina taldeak egindako denboraldiaz oso harro nago.

Zuretzako ere urte esanguratsua izan da. Neurketa gehienetan izan zara hasierako bostekoan; minutu gehien jokatu duen jokalaria izan zara, puntu gehien lortu dituena eta errebote gehien eskuratu. Presioa nabaritu duzu?

Bai, pixka bat. Urte oso ona izan dut indibidualki, baina helburua beti partidak irabaztea izan da. Fisikoki osasuntsu egoteak partida guztiak jokatzen lagundu dit, minutu askoz kantxan lehiatuz. 

Denboraldiak aurrera egin ahala, beste taldeak ni geldiarazteko esfortzuak egiten saiatzen ziren, puntuak sartzea zailduz. Presioa nabaritzen nuen, baina hala ere lasaitasuna mantenduz partidak aurrera atera genituen.

"Taldeak egindako denboraldiaz oso harro nago"

Horrez gain, unibertsitateko errekorren bat ere hautsi duzu, ezta?

Bai, bi alditan; partida batean jaurtiketa libre gehien sartu ditut. Indiana Northwest-en aurka 18/18 tiro libre sartu nituen, eta Lewis University-ren aurka 20/20. Kontzentrazio eta errutina kontua da, baina errekorra hautsi izanak ilusioa egiten dit.

Jardun horri esker, gainera, hainbat aitormen jaso dituzu; hiru astetan ligako jokalari onena izendatu zaituzte eta bigarren aldiz –lehena 2022-23 denboraldian izan zen– College Sports Communicators erakundeak NAIA mailako lehen taldean sartu zaitu. Horrek gogo gehiago eman dizkizu borrokan jarraitzeko?

Polita da ligak jokalariek egindako esfortzua sariekin aitortzen duenean, eta lanean gogor jarraitzeko motibazio gisa erabili dut. 

NAIAko lehen talde akademikoan berriro sartu izana ohore handia da, kantxan egindako lana soilik ez, gelan egindako lan akademikoa ere kontuan hartzen duelako. Azken batean, ni unibertsitateko ikaslea naiz eta klasean ere nota onak atera nahi ditut.

Masterra amaitzean, zein asmo duzu? 

Oraindik ez daukat argi. Masterreko graduazioa eduki nuen hilaren 3an eta beraz, amaitu dut ikasketekin. 

Hala ere, maila altuagoko unibertsitateak bisitatzen ari naiz, ea NCAA D1 mailan jokatzea posible dudan ikusteko. Unibertsitate eta talde on bat aurkitzen badut, baliteke oraindik Estatu Batuetan geratzea ikasten. Bestela etxera itzultzeko intentzioa daukat. Ikusiko dugu…