Apirilaren 7tik maiatzaren 4ra arte (biak barne) emandako alkatetza dekretuen berri ematea izan da maiatzeko ohiko bilkurako gai ordenako puntu bakarra. Horren berri eman du Agustin Valdivia alkateak, eta zuzenean galdera eta erreguen tarteari ekin dio korporazioak.
PP alderdiko Manuel Palaciok hartu du hitza lehen gaia mahaigaineratzeko; martxoaren 19an erregistro bidez egindako eskaerak izan ditu ahotan. Dirudienez, jakin nahi du azken hiru urtetan Montai produccion y diseño de eventos enpresari 10.000 eurotik gorako zenbat kontratu egin zitzaizkion. Kontatu du gaia Euskara departamentura bideratu zuela alkateak, eta, hori hala izanik, bertako buru Estitxu Alkortak erantzun dio: "Azken hiru urtetan Montairi ez zaio 10.000 eurotik gorako kontraturik egin".
EH Bilduk, lau gai
Lau gairi buruz galdetu du EH Bilduk. Esti Garmendiak mikrofonoa eskuan hartu, eta Zabaletako hamalau etxebizitzen esleipena nola dagoen galdetu dio udal gobernu taldeari. Horrekin batera, honako adierazpenak ere egin ditu:"Lotsagarria iruditzen zaigu oraindik hutsik jarraitzea etxe hauek. Horrek erakusten du non dituen lehentasunak udal gobernu honek". Alkateak erantzun dio, besteak beste, etxebizitzaren arloan "ezinezkoa" dela erabakiak azkar hartzea.
Gizarte Zerbitzuen sailaren gainean galdetu du gero Oihan Agirretxek. Gogorarazi du, hala nola, aipatu saileko arduradun teknikoaren postua oraindik hutsik dagoela, eta gaineratu, sailari dagokion arduradun politiko bajan dagoela. Zabal jarraitu du gaiaz hizketan, eta jakin nahi izan du, udal gobernuan Gizarte Zerbitzuen gaineko jarraipena nor egiten ari den, eta zein neurri hartuko dituen egoerari irtenbidea topatzeko. Bestetik, etxez etxeko langileen hitzarmena publiko egin dela baliatuta, galdetu du esleipen berria noiz aterako den. Hala, hitzartzea baliatu du erregu bat egiteko: aipatu zerbitzu hori "indartu eta langileen lan baldintzan hobetzea".
Uxue Loinazek hitz egin du gero; udaleku irekiez mintzatu da. Beste zenbait punturen artean, aurtengo lizitazioan arlo pedagogikoari ez zaiola "nahikoa garrantzia" ematen adierazi du EH Bilduko ordezkariak. Horrekin batera, bertan lanean ariko diren begiraleei euskarazko C1 maila eskatuko zaien arren, ohartarazi du jangela zerbitzukoek ez dutela inolako hizkuntza eskakizunik egiaztatu beharko. Hori dela-eta, langile horiek ere haurrekin euskaraz mintzatzeko gaitasuna dutela ziurtatzeko "jarraipena" egitea eskatu dio gobernu taldeari. Azken horri dagokionez, alkateak honakoa erantzun dio: "Udal honek 16 urtez azpiko gazteentzako eskaintzen duen zerbitzu oro euskaraz eman behar da. Gauzak horrela, hala ulertzen dut nik, jangela zerbitzuko begiraleek euskara jakin eta hizkuntza horretan egin beharko dute harreman gazteekin".
Ogasun saileko galdera bat egin du, amaitzeko, Asier Gorostegik. Jakin nahi izan du udal gobernu taldeak zergatik ez dituen udalbatzarrera ekarri sail horri dagokion azken batzordean bozkatutako puntuak. Alkateak erantzun dio bilkurako gai ordena egiterako aipatu departamentuari ahaztu egin zaiola datu horiek pasatzea Gaineratu du hori bezain "sinple eta tristea" dela gertatu dena eta datozen asteotan aurrera eramango duten ezohiko batzarrean landuko dituztela.