Horietan aurrenekoa hilaren 14koa izango da: opera eta ballet emanaldi digitalen zikloaren barruan, Jacques Offenbach konpositore klasikoaren Los cuentos de Hoffmann ikuskizuna proiektatuko dute kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Prologoa, hiru ekitaldi eta epilogoa ditu emanaldiak eta protagonistaren bizitzako etapa desberdinetan zehar bidaiatzen du.
Hiru egun geroago hasiko dira XVIII. Musika Topaketak, Eskusoinuaren bidaia emanaldiarekin. Miren Gabirondok (akordeoia) eta Iñaki Salvadorrek (pianoa) ikusi eta ukitzen ez dena sentitzeko ariketa zoragarria egingo dute kultur etxeko auditorioan, 19:30etik aurrera. "Bazen behin liburu bat, baina ez edozein. Bazuen zerbait berezia: taupadak, arnasa eta mugarik ez zuen akordeoi baten istorioa gordetzen zuela", zehaztu dute artistek. Sarrera doakoa da aretoko toki denak bete arte, baina bertaratu nahi dutenek aurrez erreserbatu beharko dituzte txartelak.
Topaketa horietako bigarren eta azken emanaldia hilaren 23koa izango da. Iesu Abesbatza etorriko da Ama Brigitarren komentura, ordubeteko errepertorioa eskaintzera. 19:30ean hasiko da kontzertua.