AVK Gipuzkoa Sortzen taldeak Euskal Ligako finalerdi borrokatua jokatu du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 7a, 14:00

AVK Gipuzkoa eta BRT Menditarrak arteko neurketako irudia.

Euskal Ligako AVK Gipuzkoa Sortzen taldea I. mailako ligako lauko lehian ari da. Finalerako bidean ligako lehen sailkatu izan den Betsaide Elorrio du aurkari finalerdietan eta lehen neurketa jokatu zuten hilaren 4an, Donostiako Kote Olaizola estadioan. Etxekoak ederki borrokatu arren, bizkaitarrek lortu zuten garaipena azken minutuan lortutako entsegu bati esker

Hasieratik borrokatu ziren bi taldeak markagalua irekitzeko eta bizkaitarrek jaso zuten fruitua. Nahiz eta Elorriotarrak markagailuan aurre hartu eta neurketa osoan zehar aurretik joan, etxekoek ez zuten amore eman eta puntu gutxiko errenta mantendu zuten. 

Partida amaitzeko hiru minutu faltan, gainera, Gipuzkoa Sortzenek berdinketa eskuratu zuen. Bizkaitarrek ez zuten esku hutsik joan nahi, ordea, azken minutuan entsegua egin eta euren alde jarri zuten kanporaketa.

Neurketa eta emaitza ikusita, Beltzak RTko ordezkarien ustez, finalerdi oraindik irekia dago eta Elorrion erabakiko da zein talde sailkatuko den finalerako. Hori dela eta, hilaren 17an, Elorrion (Bizkaia) guztia emateko prest daude AVK Gipuzkoa Sortzen taldeko kideak.

Herritarrek hainbat liga jokoan

Euskal Ligako emakumeen mailan zein Espainiako Ohorezko mailan ere lehiaketako txapela jokatzen ari dira herritarrak.

Emakumeen kasuan, Biok Txingudi taldeko kide Paula Vega eta Gaztedi taldeko Aizpea Racamonde ditugu Ligako final laurdenetan lehian.

Biok Txingudik Durango Ermarmotor RT izan zuen aurkari hilaren 3an eta Bidasoa aldeko taldeak ezin izan zuen txapelketan aurre egin; 75-12 gailendu ziren bizkaitarrak.

Gaztedik, aldiz, hilaren 10ean jokatuko du final laurdena La Unica RTren aurka.

Ohorezko mailan, Alex Saleta herritarra kide duen VRAC Quesos Entrepinares taldeak Espainiako txapelketako final laurdenak gainditu ditu. Barça Rugbyren aurka neurtu zituen indarrak Valladolideko taldeak; nahiz eta katalanek aurre hartu, VRACek itzulia eman zion neurketari eta nagusiki gailendu zen, 57-17.

Eta finalerdian, hilaren 10ean, Valladolideko taldeen derbia jokatuko dute; Saletaren taldeak INEXO El Salvador izango du aurkari.