Eskuzko mailan ez bezala, gomazko palako txapelketan maila bakarra dago; joan eta etorriko kanporaketak dira eta jardunaldi bakoitzean hiru neurketa ezberdin gainditu behar dituzte: bikotekako lehia, banakakoa kantxa osoa eta banaka zazpigarren koadrora arte.
Xabi Arteaga nagusi izan zen banakako norgehiagokan; 6-20 gainditu zuen Ostolaza aurkaria.
Binakakoan estuago ibili ziren herritarrak. Hamaseina berdinduta zeudenean, Jagoba Mendizabal eta Iker Artetxek bere onean eman eta 16-20 irabazi zuten Zarautzeko bikoa.
Azkenik, Julen San Miguelek 12-20 garaitu zuen Zarauzko Etxabe zazpigarren koadrora arteko banakako partidan. Nahiz eta markagailuan bien arteko aldea handia izan. Neurketa borrokatua izan zela adierazi digute taldeko kideek. "bi taldeetako onenak aurrez aurre egon ziren partida horretan".
Sailkapena eskura
Lasarte-Oriak Herriarteko txapelketan modalitate horretan lehiatzen duen lehen aldia da eta horregatik, Zarautzeko hitzorduko emaitzarekin pozarren daude taldeko kideak: "Gustura gaude egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin".
Lehen pausoa emanda, sailkapena herriko ordezkarien esku dago; neurketa bakarrean garaipena eskuratuz gero, lehiaketan aurrera egingo dute. Hitzordua hilaren 9an, 20:00etan jokatuko dute, Loidibarren pilotalekuan. Eta guztia ondo bidean,zan dagoen Hernaniren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Bikoteka ederki
Intza kirol elkarteko federatu zein eskola mailako gazteek ere jardunaldia izan zuten.
Banakako lehietan ez zuten zorterik izan ez lau eta erdian, ezta errendimendu mailako txapelketetan ere. Binakako Udaberri txapelketan, aldiz, II. mailako infantilak fin ibili ziren eta bi bikoteek (Intza 1 eta Intza 2) emaitza berdinarekin eskuratu zuten garaipena, 12-18.