Ohiko legez, Azkorteko erromeria ospatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 4a, 18:45

Tradizioari eutsita, jende mordoxka joan da kotxez zein oinez maiatzaren lehenengo igandeko erromeriara. Eguraldi txarra iragarrita bazen ere, lainoek ez dute euririk bota.

Ohetik jaiki eta mendiko botak zein arropak jantzi. Gosaldu bitartean, irratiko esateriek eguerdian euria egingo duela esan dute. Alabaina, lasarteoriatarrak Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte Oriako Udalak antolatutako egitarauaz gozatzeko asmoz, Azkorterako bideari ekin diote. 

Hasteko, orotariko adineko fededunak baselizan izan dira, meza entzuten. Alboka Abesbatzak zenbait abesti ere kantatu ditu. Apaizak tarte hori aprobetxatu du senidetasunaren garrantzia azpimarratzeko. Segidan, Ttakunk KEko kideek prestatutako jakiak dastatzera irten dira. Txorizo, odolki edota saltsa pintxoak eta edateko, askotariko freskagarriak. Bien bitartean, Lierni Arozena eta Olaia Recondo trikitilariek jotako doinuek girotu dute hamaiketako ordua. Aipatzekoa ere bada aukera izan dela Euskaraldian Ahobizi ala Belarriprest modura izen emateko, horretarako ipinitako postuan. 

Mokadu gozoei zein eguzki izpiei esker biziberrituta, jarraian, goizeko ekitaldi nagusia jazo da: herri kirolen erakustaldia. Alde batetik, Mugerza anaiak, Ugaitz eta Aratz, aizkorarekin aritu dira, aurrez aurre. Hainbat proba egin dituzte, besteak beste, ahalik eta aizkorakada gutxien emanda, enbor bana moztu. Bestetik, Beñat Telleria harrijasotzailea ere presente izan da. Askotariko pisuak altxa ditu Telleriak, eta haiekin demostrazioak ere, egin; bi minutuan, 25 kilogramoko harria zenbait aldiz igo zezakeen probatu du. Harkaitz Illarramendik egin ditu aurkezle lanak, eta kirolariak animatzeko erabili du bozgoragailua.

Erakustaldia amaituta, Arozena eta Recondo berriro oholtzaratu dira. Guraso askok euren seme-alabekin dantzatzeko beta izan dutelarik, zabalguneko erdialdea dantzalekua izan da une batez. Pixkanaka-pixkanaka, bakalorduarekin batera, bertaratutakoak maldan behera jeisten hasi dira. Tripa jakiz beterik eta aurpegian irria zutelarik, biziki eskertu dute Azkorteko erromeriaz disfrutatutakoek eguraldiak lagundu izana.