Bihotz sudurgorri erraldoi baten maitasuna jaso dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 4a, 16:33

Etenik gabe taupa egin duen bihotz sudurgorri erraldoi bat bilakatu da BEC; herri aintzatespen eder bezain hunkigarria jaso dute pailazo lasarteoriatarrek. Urte hauetan guztietan egin duten lan eta ekarpena eskertu eta aitortu diete aretoan bildutakoek

14.000 bihotz sudurgorri batu ziren atzo, hilak 3, Barakaldoko BEC erakustazokan. Horiek guztiak helburu berarekin bertaratu ziren: Pirritx, Porrotx eta Marimototsi maitasuna eta esker ona agertzea. Halaxe egin zuten denek ala denek, baina ez horiek bakarrik; izan ere, herri omenaldi erraldoian berrehun sortzaile baino gehiagok parte hartu zuten, eta horiek guztiak ere, ikusleen asmo berarekin aritu ziren oholtza gainean. 

37 urte igaro dira herriko sudurgorriak pailazogintzan hasi zirenetik, eta hogei, aldiz, Maite zaitut abestia kaleratu zutenetik. Hain zuzen ere, hori izan da festa handia aurrera eramateko aitzakia. 

Bonberenea txarangak leherrarazi zuen jaia, eta Beña Gaztelumendi eta Aner Peritzek egin zuten mikrofono aurreko lehen agerraldia. Maitasunaren manifestua aurkeztu zuen Maialen Lujanbio bertsolariak, eta atzetik etorri ziren gero gainerako parte hartzaile guztiak. Emanaldiana izan ziren, besteak beste, Ines Osinaga, Xabi Solano, Lide Hernando, Igor Elortza, Olatz Salvador, Jon Maia, Oreka TX, Julio Soto, Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta, Juantxo Arakama, Gozategi, Kai Nakai, Oinkari dantza taldea, La Pulga eta Martxel Rodriguez dantzariak, Go!azen telesaileko kideak, Gure Zirkuko partaideak,  Albina Stardust, Yogurina Borova, Palestinako Sol Band musika taldea, Amets Arzallus, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Sambou Diaby. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean aritu ziren horiek guztiak. Guzti horiekin batera, eszenatoki gainean kantuan aritu zen Landarbaso abesbatza, eta Xabier Zabala musikari eta konpositoreak gidatutako dozenatik gorako musikarik osatutako taldea ere. 

Herritarrak, partaide

Aurrez aipatutako gonbidatu horien guztien artean, izan ziren lasarteoriatar asko ere. Hasteko eta behin, Ane Labaka bertsolari eta sortzaileak egin ditu jaialdiaren gidoilari lanak -Esker onaren manifestua ere irakurri zien pailazoei amaiera aldera-, eta Bea Egizabal eta Intza Alkain izan ziren ekimenaren aurkezleak. Amaia Agirre gai jartzaileak bertsotan egin zuen, eta emanaldiak iraun bitartean, artelan eder bezain koloretsua sortzen aritu zen Sara Etxeberria Basoko Maxuxta sortzailea. Oinkari dantza taldeko kide dira Uxue Odriozola, Alazne Ramos eta Araitz Ramos, eta horiek ere dantzan aritu ziren, jendaurrean. Verdini dantza taldearekin parte hartu zuen, berriz, Nerea Astarbek, eta Semblante Andaluz elkartearen ordezkari gisa aritu ziren Duende dantza taldeko bi kide. Inurriren izenean, berriz, Elena Guinea aritu zen oholtzan, eta Xumela koruko kideek ere ez zuten hutsik egin. 

Emanaldiaren amaieran, berriz, protagonista nagusiak agertu ziren oholtzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta horiekin batera, Katxiporretako lankideak ere; Isa Fernandez de Agirre, Alex Tetuan eta Egoitz Zelaia herritarrak, tarteko. 

Koloretako mundu baten alde

Mila koloreko herriari, munduari abestu eta dantzatu diote hiru hamarkada luze hauetan herriko sudurgorriek. Euskara izan da sorreratik herriko pailazoen jardunaren ardatz nagusietako bat. Euren lana hizkuntza hori zabaltzearekin zuzenki lotua egon da beti; hala azaldu zuten Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezek emanaldian zehar antolatzaileek pantaila handian tartekatu zituzten ikus-entzunezkoetan. 

Bestelako askotariko gai sozial eta arantzatsuekin egindako lanketa ere aitortu behar zaie Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. Abestu diote, hala nola, kulturaniztasunari, bizipozari eta gaixotasunari. Askotariko koloretako mundu bat amets, horren guztiaren bilgune izan zen atzo BEC. 

Ekimenari amaiera emateko, eta sudurgorri lasarteoriatarrak oholtzan igota, Maite zaitut abestia kantatu zuten aretoan bildutakoekin batera. Eta inolako zalantzarik gera ez zedin, han bildutako guztiek maite dituztela ozen eta elkarrekin oihukatu zieten gero.