Antzerkia bihar, eta zinema etzi: Misión panda en África eta Por todo lo alto filmak emango dituzte 17:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren, kultur etxeko auditorioan. Bost egun geroago, hilaren 9an, hilabeteko aurreneko pasea egingo du Okendo Zinema Taldeak, Memorias de un caracol emanda. 20:00etan hasiko da proiekzio hori. Aste hori bukatzeko, hilaren 11n, beste bi pelikula ikusi ahalko dituzte lasarteoriatarrek, 17:00etan eta 19:30ean: Una noche en Zoopolis eta La niña de la cabra.
Hilabetero legez, udalak eta Danok Kide elkarteak emanaldi digital bat aurrera eramango dute opera eta balleta ikusarazteko zikloaren barruan. Gauzak horrela, Los cuentos de Hoffmann proiektatuko dute, Jacques Offenbach konpositore alemaniarrarena. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute; aurrez erosiz gero ala emanaldiaren egunean bertan.
Lasarte-Oria eta Beasain, batuta
Iaz egindako bisita itzuliko die Loinaz abesbatzako kideek gure herriko Alboka taldekoei eta hilaren 16an emanaldi bateratua egingo dute biek Ama Brigitarren komentuan, 19:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da.
Musikarekin jarraituta, hurrengo egunean hasiko dira Danok Kide elkarteak antolatu dituen XVIII. Musika Topaketak. Kultur etxeko auditorioan El acordeón viajero kontzertua emango dute Iñaki Salvadorrek eta Miren Gabirondok, 19:30ean. Emanaldi horretaz gozatzeko sarrerarik ez dute ordaindu beharko herritarrek baina gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aurrez, kultur etxean. Ekimen horretako bigarren saioa hilaren 23an izango da: Iesu Abesbatzak kontzertua emango du Ama Brigitarren komentuan, 19:30ean baita ere.
Hilabeteko programazioarekin bukatzeko, Euskaraldiaren bueltan euskarazko bi film proiektatuko dituzte kultur etxean, 17:00etan eta 19:30ean: Kaixo Frida eta Faisaien irla.