Pop-rock jaialdia, San Pedro Jaien aurrekari gisa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 30a, 15:47

San Pedro Jaiak iristen direnerako herritarrak aktibatzeko helburuarekin antolatu du udalak pop-rock jaialdia. Maiatzaren 24an aurrera eramango dute, Andatza plazan

Jaiak sailak antolatu du aipatu jaialdia, eta horren buru Txus Alonsok eman ditu ekimenaren gaineko xehetasunak. Agustin Valdivia alkatea ondoan izan du. 

Lehenengo aldia izango du musika jalaldiak eta hiru talde ariko dira oholtza gainean. 20:30ean igoko da agertokira lehena: Yacaré. Sei taldekidek osatutako talde madrildarra da, eta Alonsok azaldu duenez, musikan lehen urratsak ematen oraintsu hasi badira ere, etorkizun oparoko talde gisa sendotzen ari da. Marlena-ren txanda izango da gero. Bi emakumek osatutako bikotea da, eta Festak saileko zinegotziaren esanetan, "kartelburua". Azaldu du, besteak beste, iaz Benidorm Fest jaialdian parte hartu zuela; Amor de verano abestiarekin ordezkatu zuen aipatu jaialdian Espainia. Da igual musika talde katalanaren txanda izango da gero. Ezagunak dira dagoeneko Lasarte-Orian, izan ere, pare bat aldiz emanaldia eskaini baitute San Pedro Jaietan. Oraingoan, ordea, euren errepertorioa erakutsiko dute. 

Xehetasun horiek emanda, honako adierazpenok egin ditu: "Uste dugu hiru eskaintzak interesgarriak direla lehen aldiz antolatu dugun jaialdirako". 

Aurrekontua eta lekua

Udal ordezkariek jakinarazi dute bertaratzen direnen intereserako jakiak erosteko hiruzpalau foodtruck egongo direla plazan. Eta egitasmoaren aurrekontuaren zenbatekoa ere ezagutarazi du: 43.000 euro (BEZik gabe).Andatza plazaz ere mintzatu da, eta esan, herriak duen plazarik handiena dela eta, balioan jarri du espazio horrek gisa horretako jarduerak aurrera eramateko ematen duen aukera. 

Bertaratzea doakoa izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu ditu Alonsok.