Iaztik izan dute herrian txarangen kontzentrazio bat aurrera eramateko gogoa antolatzaileek; hala adierazi du Jaiak saileko Txus Alonsok, eta esan, Oaintxe In Deu! Txarangarekin elkarlanean antolatu duela udalak egitaraua. Gaineratu du txarangak balioan jartzeko helburua duela egitasmoak.
Ohartarazi du aurten hamr urte betetzen direla Oaintxe in deu! txaranga sortu zenetik, eta urteurren hori baliatuta, aukera paregabea ikusi dutela topaketa prestatzeko, eta, nola ez, aipatu talde horrekin elkarlanean arituta. Urtez urte egitasmoa errepikatzeko gogoa agertu du Alonsok, eta jakinarazi, jarduera aurrera eramateko beharrezko aurrekontuaren zenbatekoa; 8.000 euro.
Bost txaranga eta txistulari talde bat
Maiatzaren 17an ospatuko da Txaranga Eguna Lasarte-Orian, eta goizetik gauera arteko jarduera sorta prestatu dituzte. Horien guztien berri eman dute Oaintxe in deu! txarangako kide Lander Jimenezek eta Gaizka Etxeberriak.
Lasarte-Oriako txistulariek emango diote hasiera egunari; 10:30ean diana egingo dute. Ostean, 11:00etan, herriko haurrek txarangak ezagutzeko helburuarekin, instrumentu sorkuntza tailer bat aurrera eramango dute; Okendo plazan izango da hori (eguraldiak lagunduko ez balu, Mercero aretoan egingo dute).
Ondoren, 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangaren X. urteurrena ospatzeko, taldeak emanaldia eskainiko du, eta txarangaren historia ezagutarazteko solasaldi txiki bat ere iragarri du Jimenezek.
Hori amaituta, 12:30ean abiatuko da lehenengo txaranga: Joselontxos txaranga. Lasarte-Orian dagoeneko ezaguna da talde hori, jo izan baitute herriko festa eta bestelako zenbait ospakizunetan ere. Erdigunea girotuko du Joselontxosek, bazkal aurreko poteorako tartea hain zuzen.
Arratsaldeko deialdiei hasiera eman aurretik, 14:30ean herri bazkaria egingo dute. 240 pertsonentzako otordua aurreikusi dute, eta bertaratu nahi duenak tiketak erosi beharko ditu. Herriko tabernetan jarriko dituzte salgai, 15 euroren truke, eta menua zein izango den ere aurreratu dute: txerrikia, arrain pastela, paella eta azken burukoa. Eguraldi ona eginez gero, Okendo plazan izango dela jakinarazi dute antolatzaileek; euria egiten badu, berriz, Loidibarren pilotalekura lekualdatuko lukete.
Arratsaldeko lehen emanaldia 16:00etan izango da. Oaintxe in deu! txarangak hartuko ditu herriko kaleak, erraldoi eta buruhandiek lagunduta. Okendo plazako bazkalostea girotuko du lehenik, eta Zumaburu aldera joko du, gero. Aipatu auzo horretan Arranopola herriko gazte txaranga berriak hartuko du lekukoa (18:00etan); lehen aldiz ariko dira txaranga gisa. Jaizkibel plazarainoko bidea egingo dute, eta, hara iritsita, Mutil Gazteak txaranga iruindarraren txanda izango da gero (20:00etan). Horiek Okendo plazara iritsiko dira, eta azken txarangari emango diote lekukoa; Kalean txaranga. Horrek 20:00etatik 00:00etara bitartean girotuko du kaskoa.
Herriko gazte txaranga berria
Arranopola izena du Lasarte-Orian sortu duten gazte txaranga berriak. Jimenez eta Etxeberria bertako musikari ere badira, eta adierazi dute Oaintxe in deu! txarangak babes eta bultzada handia eman diela talde gisa lehen urratsak emateko; horrekin oso eskertuta agertu dira bi kideak, eta txarangaren beraren izaera irekia goraipatu dute: "Txarangen munduan aritu sartu nahi duen ororentzat ateak zabalik dituen taldea da; bertan parte hartu nahi izan duen orok izan du horretarako aukera. Hori oso lagungarria da hasteko". Hamarkada honetan taldeak zein dimentsio izan duen ere ekarri dute gogora: "Ia ehun pertsonek parte hartu dute Oaintxe in deu!-n. Oraindik ere badago sorreratik dabilen kideren bat, Iñaki Izquierdo kasurako. Gogoan izan dituzte baita ere txarangako kide izan diren zendutako kide Juan Luis Eizmendi eta Imanol Jimenez.
11 kidek osatzen dute Arranopola txaranga, eta taldekide gehienak lasarteoriatarrak direla, baina egon badagoela donostiarrik edota andoindarrik ere. Kide gehienak gizonezkoak dira, hala jakinarazi dute hizlariek, eta esan, gaur-gaurkoz emakumezko kide bat badutela: "Askotan hitz egin dugu aniztasun hori nola lor genezakeen. Ateak bertan parte hartu nahi duenarentzat zabalik egon arren, aldea agerikoa da". Gonbita ere luzatu dute.
Ikastetxeetan, tailerrak
Herriko ikastetxeetako ikasleek txarangen mundura erakartzeko asmoz, datorren astean tailerrak aurrera eramango dituztela ere jakinarazi dute antolatzaileek.