Esan gabekoei forma emateko adierazpidearen piztualdia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko api. 30a, 08:22

Kukukako dantzari talde bat, emanaldi betean.

XII. Dantza Topaketa aurrera eraman dute Okendo plazan Kukuka eskolak, Erketz EDTk, Semblante Andaluz elkarteko Duende taldeak, Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasleek eta Sahara Taldeko dantzari finek. Aurretik, aurtengo Dantzaren Nazioarteko Egunari hitzak jartzeko manifestua sortu duen Mikhail Baryshnikov koreografo letoniar-estatubatuarraren gogoetak irakurri dituzte.

Itzalaldi  izaten ari da aste hasiera honetako hitza, ezinbestean, ordubetez edo egun osoz (lurralde eta herriaren arabera) herrialde ugari argindarrik gabe utzi zituen herenegungo etenaldi orokorraren eraginez. Atzo arratsalde-iluntzekoa, ordea, guztiz kontrakoa izan zen: piztualdi bat, dantzarena, Okendo plazan. Diziplina hori jorratzen duten bost taldek emanaldi bikainak eman zituzten XII. Dantza topaketaren barruan, enparantza lepo bete zuten herritarren aurrean. Aktuazio bakoitzaren ostean, nola ez, merezitako txalo zaparradak jaso zituzten dantzariek. Kukuka (antolatzailea izan da), Erketz, Semblante Andaluzeko Duende, Amaia Gonzalez Caballero akademia eta Sahara Taldea izan ziren parte hartu zuten eragileak. Azken aste eta hilabeteetan entseatutakoa plazaratu ostean, Zea Mays taldearen Kukutza III abestiaren doinupean kalejira egin eta talde argazki erraldoia atera zuten.

Topaketa ikusgarri hori Dantzaren Nazioarteko Egunaren altzoan antolatu ohi du Kukukak. Horren harira, eragile horretako kide diren Irati Iglesiasek eta Hugo Amil-ek hartu zuten hitza, emanaldien aurretik, aurtengo ospakizunerako manifestua idatzi duen Mikhail Baryshnikov koreografo letoniar-estatubatuarraren gogoetak Okendora bertaratu direnekin partekatzeko. Honela dio: "Askotan esaten da dantzak esanezina adieraz dezakeela: poza, atsekabea edota etsipena ikusgarri bihurtzen dira. Gure hauskortasun partekatuaren adierazpen gorputzak. Horretan, dantzak enpatia piztu dezake, adeitasuna inspiratu eta kalte egin beharrean sendotzeko gogoa piztu. Bereziki orain, ehunka mila pertsonak gerraren ondorenak pairatzen dituzten bitartean, krisi politikoak bizi dituzten bitartean eta bidegabekeriaren aurka protesta egiten ari diren bitartean, hausnarketa zintzoa ezinbestekoa da. Zama izugarria da gorputzarentzat, dantzarentzat eta artearentzat. Hala ere, artea oraindik ere esan gabekoei forma emateko modurik onena eta has gaitezke gure buruari galdezka: Non dago nire egia? Nola zaintzen ditut nire burua eta nire gizartea? Noren aurrean erantzungo dut?". 

 

Erlazionatuak

XII. Dantza Topaketa, iruditan

Txintxarri Aldizkaria api 30, 08:20 Kultura

XII. Dantza Topaketaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria api 30, 15:53 Kultura