Mabel Pedreira aipatu elkarteko lehendakariak eta Lilura liburu dendako Oihana Izpurak hartu dute hitza, eta egitasmoaren gaineko xehetasunak aurkeztu aurretik, Lasarte-Oriako Udalari eskerrak eman dizkiote, baita Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailari ere. Herriko prentsa ere ahotan izan dute, “beti hor egon eta elkarteak egiten duena herriari ikusgarri egiteagatik”.
Maiatzaren 18ra arteko iraupena izango du Udaberri Festak, eta urtero lez, 1.500 euro zozkatuko ditu elkarteak erosketa txarteletan. Horretan parte hartzeko, ekimenera atxiki diren saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean egingo da zozketa hori.
Antolatzaileek nabarmendu dute egitasmoaren egun handia maiatzaren 17a izango dela, egun osoan zehar askotariko jarduerak aurrera eramango baitituzte. Txu-txu trena ere hara eta hona ibiliko da, herrian barrena, goizez zein arratsaldez.
Aurten, gainera, eta berrikuntza gisa, herri parrillada antolatu dute. Jakinarazi dute Okendo plazan izango dela, eta gaineratu, barrikotea izango duela. Oraindik orain jarduera hori antolatzen ari diren arren, ohartarazi dute herritarrek tiketak erosi beharko dituztela sagardoa kontsumitzeko; parrillan erreko dituzten jakian, berriz, doan eskuratu ahalko dituzte bertaratzen direnek. Herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.
Hauek dira, egunez egun, merkatarien elkarteko ordezkariek iragarri dituzten jarduerak:
Maiatzaren 12tik 18ra, 6 eta 12 urte arteko Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeetako zein Zubietako Eskola Txikiko haurrek egindako marrazkiak ikusgai jarriko dituzte egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetan. Gaztetxoek liburuxka bat jasoko dute, euren marrazkia zein saltokitan aurki dezaketen jakin dezaten; hori eskuratzearekin batera, oparitxo bana emango die establezimenduko ordezkariak.
Maiatzaren 16an, berriz, saltoki eta ostalaritza establezimenduetan zenbait jarduera aurrera eramango dituzte. Eli Lasa farmaziak, esaterako, tentsioa eta glukosa neurtzeko eta ilearen diagnostikoa egiteko tailerra egingo du. Dulce Tentacion komertzioak, berriz, haurrentzako saioa aurrera eramango du; goxokiekin apaintzen ikasiko dute bertaratzen direnek. Ormazabal Loradendak ere herriko gaztetxoei landareak nola landatu erakutsiko die, eta haurrentzako ipuin kontaketa eta liburuen sinatzea iragarri du Lilura liburu dendak. Bote Tattoo-k, berriz, eskaintza bereziak egingo ditu tatuajeetan, baita jolasak eta zozketak ere.
Horrez gain, egun horretan eta hurrengoan (maiatzaren 16 eta 17an), Amali Jolasdendak, Arregui Elektrizitateak, Olmi mertzeriak, Urruzola mertzeriak, Imagine jantzi dendak eta Mabel Modak eskaintza bereziak egingo dituzte.
Ostalaritzan ere ekimena bereziak aurrera eramango dituzte maiatzaren 17an. Arkupe tabernak, adibidez, Udaberriko bermuta eskainiko du Miro upategien eskutik. Pintxo bereziak dastatzeko aukera izango dela ere jakinarazi dute, eta baita Saito gimnasioaren eskutik dantza egin eta gorputza astintzeko aukera ere. Ostean kontzertu bat izango da bertan.
Buenetxea kafetegian, aldiz, DJa ariko da arratsaldean, eta photocall-ean argazkiak ateratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Azkenik, Avenida tabernan zuzeneko musika emanaldia izango da. Musika emanaldiak eskainiko dituzten taldeak zeintzuk izango diren aurrerago iragarriko dute antolatzaileek; gaur-gaurkoz, horiei buruz aurreratu duten informazio bakarra da guztiak 19:00etatik 21:30era izango direla.